Oihana Elduaien Uranga.

Poz tristea

2026ko ekainaren 5a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Poza zabaldu da. Hainbeste sufrikario ekarri duen Zestoako auziak poza izan du akaberan. Eta ondo dago. Baina, absoluzioak, errugabetzeak, akusatuak ondo ari zirela eta direla aitortzeak ez du gertatu den guztiaren larritasuna estaltzen. Oraindik zaila da ulertzen auzi hau epaiketaraino nola iritsi den. Tristea ere bada.

Eta badira auzi honetatik harago orokortuak dauden gaiak.

Gizarte zerbitzuak 

Epaiketan argi geratu da Zestoako gizarte zerbitzuak ez zeudela indarkeria matxistaren biktima bat artatzeko prestatuta epaitutako ekintzak gertatu ziren garaian. Maria Luisa Agirretxe Arartekoaren letradunak deklaratu zuen epaiketan, eta argi esan zuen Zestoako gizarte zerbitzuek modu partzialean jokatu zutela, akusatzailearen alde, eta haren bikotekide emakumezkoaren deklarazioaren «zati oso garrantzitsuak» txostenean jaso gabe utzi zituztela; hain zuzen ere, «indarkeriari» buruzko zatiak. Eta kontuan hartu beharreko gauza bat gaineratu zuen: emakume batek tratu txarren kontrako salaketa formalik jarri ez badu ere, baina hori gertatu dela kontatzen badu, ezin da ez entzunarena egin. Entzun egin behar zaio, jaso egin behar da, eta horren araberako arreta eta zaintza berezia eman behar zaizkio. Ildo beretik mintzatu zen Iñigo Iruin defentsako abokatua ere, epaiketan, azken ondorioak aurkeztean. Eta gogora ekarri zuen EAEko Auzitegi Nagusiko lehendakari Iñaki Subijanak ere esana duela salaketa jarri ez duten biktimei ere lagundu egin behar zaiela.

Argi dago irizpidea, beraz. Baina, herri guztietako gizarte zerbitzuetako langile guztiek barneratuta daukate irizpide hori? Zestoakoa ez da kasu bakarra. Emakume gehiagori pasatu zaie: beraien herrietako gizarte zerbitzuetara laguntza eskatzera joan direnean, eta bikotekideak edo bikotekide ohiak tratu txarrak eman dizkiela kontatu dutenean, salaketa formalik ezean ezin dietela lagundu esan diete. Nazioarteko legedia ondo dago, eta baita Arartekoaren abisua eta Subijanaren deia ere; baina zertarako balio dute irizpide hori gero ez bada herri guztietako bulego guztietako langile guztiengana iristen? Egiturazkoa da hau, bai. Eta horregatik, egitura guztiak daude inplikatuta. Eta denetan jarri behar dira baliabideak. Herrietatik hasi eta nazioarteko erakundeetaraino. Nor arduratuko da herriz herri lan hori egiten dela egiaztatzeaz?

Birbiktimizazioa 

Indarkeria matxistaren biktima bat, indarkeria matxistaren biktima izateaz gain, epai sozial baten biktima izatea da birbiktimizazioa. Baita epaiketa batean haren testigantza behin eta berriz ematera behartzea edo testigantza hori zalantzan jartzea ere. Zestoako kasuko biktimak ez zuen auzia judizializatzeko asmorik, ezta tratu txarren testigantza jendaurrean zabaltzekorik ere. Paradoxikoa da tratu horien emaileak berak bultzatu duela auzitegian tratu horien testigantza gogorra ematera. Ez zen errenditu tratu hori ematearekin, eta bidea sakondu du, emakumearen eta haren ingurunearen kontra eginez. Epaiketara arte auzia ez da publikoa izan, baina kalean izan dira iritziak. Epaiketan auzia publiko bihurtu da, eta kalean alde bateko zein besteko balorazioak izan dira. 

Eragotzi beharrekoa da birbiktimizazioa. Baina, horretarako prest al dago gizartea? Errenteriara begiratu besterik ez dago. Eraso sexisten bi kasu atera dira joan den astean argitara: Xenpelar bertso eskolako irakasle ohi batena, eta Kukai dantza taldeko zuzendari ohi Jon Maia Seinena. Bigarren auzian biktimek diskrezio erabatekoa nahi zuten, baina ez da halakorik posible izan. Hainbat alderdiren joko partidistak haien birbiktimizazioari bide eman dio. Gaia lehertu denean, behin eta berriz jarri da zalantzan biktima horien erabakia. Bada, hortxe da erantzuna: diskrezioa eskatzen duten biktimak birbiktimizazioaren beldur dira, ez dute epaiketa sozialik nahi. Ez dute denen ahotan egon nahi, ez dute sufritu dutenaz aparte gehiago sufritu nahi. Gainditu egin nahi dute, bizitzen jarraitu, poza berreraiki. 

Baina, nola prestatzen da gizartea horretarako?

Zestoan gertatu denak ertz asko ditu. Sistemak alde guztietatik egin du huts. Baina ez da kasu bakana. Sistema bera dago batetik, eta sistema horri eusten dioten pertsonak daude lehenagotik. Indarkeria matxista posible egiten duen sistema bat da hau. Eta gizarte bat. Arau heteropatriarkala sostengatzen duen sistema bat dago, eta anaidiari eusten dioten pertsonak. Baina sistema aldatzeko lan txiki eta ikusezinean ari den inurri armada bat ere badago. Ahizpatasunean lotuta. Babesari eta elkartasun feministari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE