Pozik eta harro. Halaxe daude Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak asteon; izan ere, Nafarroa eta Araba zeharkatzekoa zen tentsio handiko linea bat atzera botatzea erabaki du Espainiako Gobernuak. «Urteetako lan kolektiboaren emaitza da», azpimarratu du Alberto Frias plataformako kideak. Hark adierazi duenez, «herritarren mobilizazioari, udalen babesari eta egindako lan tekniko eta juridikoari esker» erdietsi dute proiektua geldiaraztea. Hain justu ere, zeregin horretan inplikatu diren hainbat hautetsi izan dira gaurko agerraldian, eta haien izenean hitza hartu du Etxarri Aranatzeko alkate Maria Saez de Albenizek.
Forestalia enpresak asmoa zuen Nafarroa eta Araba zeharkatuko zituen tentsio handiko linea bat eraikitzeko, baina Espainiako Gobernuak enpresaren eskaria atzera bota du asteon, eta, hortaz, egitasmoak ez du aurrera egingo. Arrazoia ez da ingurumen inpaktua izan, baizik eta bukatu egin dela konexioa egiteko baimena lortzeko epea.
Plataformako ordezkariek azaldu dutenez, erabakia ez da kasualitatea izan. Azken urteotan aurkeztutako alegazioek eta errekurtsoek proiektuaren «gabeziak» agerian utzi dituzte, eta, horren ondorioz, ingurumen inpaktuaren adierazpenean hainbat baldintza zorrotz ezarri zitzaizkion enpresari. Haien esanetan, Forestaliak ez ditu baldintza horiek proiektuan behar bezala txertatu, eta horrek ere eragina izan du egitasmoa atzera botatzeko erabakian.
Egoera «kezkagarria»
Plataformak gogorarazi du duela bost urte oso bestelakoa zela egoera —«zinez kezkagarria», Friasen esanetan— Forestaliak eta Espainiako Red Electricak hainbat proiektu martxan jartzeko asmoa zutelako Euskal Herrian. Forestaliak laurehun kilovolteko goi tentsioko azpiegiturak eraiki nahi zituen Kyoko eta Ume proiektuen bidez, eta Espainiako Red Electricak Itsaso-Castejon-Muruarte linea egin nahi zuen, eta martxan diren beste goi tentsioko lineak indartu. Azpiegitura horiek guztiek Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako dozenaka udalerri zeharkatu behar zituzten.
«Urteetako lan kolektiboaren emaitza da. Herritarren mobilizazioari, udalen babesari eta egindako lan tekniko eta juridikoari esker lortu dugu proiektua geldiaraztea»
ALBERTO FRIAS Autopista Elektrikorik Ez plataforma
Forestaliak abiatu nahi dituen proiektuak «ilegalak» eta «onartezinak» direla ohartarazi dute plataformako kideek, eta oroitarazi hainbat irregulartasun ere badirela proiektu horien tramitazioetan. Izan ere, Forestalia bera eta Espainiako erakunde publiko batzuk ikertzen ari dira, irregulartasunak antzeman baitituzte Forestaliaren alde egin duten ingurumen ebazpen batzuetan.
Plataformak azaldu du urte hauetan guztietan 31 udal baino gehiago eta mila kargu publiko baino gehiago agertu direla goi tentsioko proiektuaren aurka. Horrez gain, herritarren mobilizazioak ere garrantzi handia izan duela azpimarratu dute. Haien esanetan, lan horren ezaugarri nagusiak izan dira erabakiak modu «horizontalean» hartu direla, batuta egon direla eta eskualdeen artean elkartasunez aritu direla.
Plataformakoek ohartarazi dutenez, Nafarroa eta Araba zeharkatzekoa zen tentsio handiko linea geldiarazita ere, oraindik ez dute beren lana amaitutzat emango. Batetik, Forestaliak errekurtsoa aurkez dezakeelako erabaki horren aurka; bestetik, Espainiako Red Electrica beste goi tentsioko linea baten proiektua izapidetzen ari delako. Horregatik, adierazi dute oraingoz ez dutela plataforma desegingo.