Gaztelerazko hitz joko erraza egin du Eneko Anduezak. PSE-EE idazkari nagusiaren arabera, herritarrek eskuinaren eta eskabideen artean aukeratu beharko dute. «Euskadin PPri botoa ematea, Vox ematea da, gauza bera baitira».
Donostiako Miramongo zientzia eta teknologia parkean egin du ekitaldia gaur goizean PSE-EEk eta bertan izan da Jaume Collboni Bartzelaonako alkatea. Haiekin batera, han izan dira Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua eta Rafaela Romero Kongresuko hautagaia.
Anduezak aldarrikatu du alderdi sozialistak egonkortasuna dakarrela. «Euskadin 2018an baino hobeto bizitzen da eta, horren adierazle, 131.000 herritar gehiagok enplegu finkoa dute lan erreformari esker». Anduezak gaineratu du langileek eta pentsiodunek eskubide gehiago dituztela.
Era berean, nabarmendu du sozialistak desberdinen artean adosteko gai direla eta elkarbizitzaren alde egin dutela urteotan. Aurreikusi du sozialistek hauteskundeak irabaziko dituztela EAEn zein Katalunian. eta Espainian ere irabazteko gai direla uste du. «Ez ditut inkestak sinesten, gobernura iristeko bidea erraztu nahi dietelako PPri eta Voxi».
Bartzelonako adibidea
Ildo beretik jo du Collbonik. Bere esanetan, azken bi urteetan Bartzelonako alokairuak izoztu egin dira. «Feijoo eta Abascal agintean izan balira, Bartzelonan 400 euro gehiago ordainduko genituzke alokairuan hilero».
«PP eta Voxen arteko gorroto koalizioak oinarrizko lorpenak kendu nahi dizkigute», azpimarratu du Romerok, era berean. Ohartarazi du LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak murriztu nahi dituztela, Memoria Demokratikoaren Legea indargabetu nahi dutela, bai eta Etxebizitza legea ere.