Urte politikoa hasi den honetan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin biltzeari ekin dio gaur. Ordezkari gutxieneko talde biekin hasi da: PPrekin eta Sumarrekin. Vox bilera sortatik at geratu da, beste batzuetan bezala. Pradalesek modua izan du berresteko hala eskuineko alderdia nola ezker konfederalekoa urrun daudela Jaurlaritzaren politikatik.
PPren eta EAJren arteko harremana gaiztotua dagoen erakusgarri ere izan da Pradalesen eta Javier de Andres EAEko Alderdi Popularreko presidentearen arteko batzarra. De Andresek lehendakariari esan dio jeltzaleen «oldarkortasunak» galarazi egiten duela alderdi bien arteko harremanetan adeitsuago aritzea, eta, aldi berean, ezbaian jarri du EBBko presidente Aitor Estebanen adimena. Hari buruz, esan du «beste adimenik ezean» adimen artifiziala erabil dezakeela ikusteko jeltzaleek zein «irain zakarrak» egiten dizkion PPri.
Hala, alderdi bien arteko arrakala argi geratu da Pradalesen eta De Andresen arteko bileran. PPko buruak lehendakariari esan dio uko egiteko «Espainiako Estatuarenak diren eskumenak» eskatzeari, «nazionalisten interpretazioa oztopo baita Gernikako Estatutua bete dadin». De Andresek jakinarazi du Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko diren ekinaldiei buruz aritu direla, eta baita Euskal Herrian eta Espainian dagoen «giro politikoaz» ere. PPkoak Pradalesi esan dio «arazo larria» dela «ezkerra erradikalizatu izana Euskadin».
Pradalesekin hitz egin ondoren, PPko buruak prentsari esan dio EAJ ez dela asmatzen ari «erradikalizazio» horri aurre egiten. Are, EAJren «ezintasunaren» ondoriotzat jo du «ezker abertzalearen indarkeriazko jarrera». «Uda honetan polizien aurka egondako erasoak» jarri ditu adibide gisa. Gainera, txarretsi egin du EAJk eta PSE-EEk «etengabeko kolaborazioa» izatea bilkideekin . De Andresen ustez, Jaurlaritzako bazkideak EH Bildura gerturatu dira, eta horrek «garapen ekonomikoa baldintzatzen» du.
Estatutuaren erreformaz ere aritu da De Andres. Salatu du PP negoziazio nagusietatik kanpo utzi dutela, eta, «adostasunaren aurka», EH Bildurekin ari direla negoziatzen EAJ eta PSE-EE, «eta ez Espainiako indar politiko nagusiarekin».
Sumar eta aurrekontuak
Sumarren eledun Jon Hernandezek ere kritika ugari egin dizkie Eusko Jaurlaritzaren politikei, baina inondik ere ez De Andres bezain oldarkor. Sumarreko legebiltzarkideak Pradalesi helarazi dio desadostasunak dituztela etxebizitzaren, osasunaren, hezkuntzaren eta klima aldaketa borrokatzearen inguruan. «Lehentasunetan bat gatoz, baina ez horiek lantzeko moduetan», azaldu du Sumarreko legebiltzarkide bakarrak, Lehendakaritzan egindako bileraren ondoren.
Hernandezek oso argi adierazi dio osasun itunak ez dituela konpondu osasun sistemari lotutako arazoak, eta hezkuntza politika «aldrebesa» dela, «eredu segregatzaile batean oinarritutako lankidetza publiko-pribatua sustatzen duelako».
Sumarreko bozeramaileak argitu du bere taldeak ez duela oposizio zuzenaren rola hartu nahi, baina ez dela «bideratzaile» gisa arituko baldin eta horrek ez badu modurik ematen «neurri eta ekintza zehatzak» ezartzeko. Aurrekontuen negoziazioari erreparatuta, azaldu du desadostasuna ez datzala kopuruetan, baizik eta aurrekontuak erabiltzeko moduan.
Estatutua eguneratzeko eztabaidari dagokionez, Sumarreko ordezkariak azpimarratu du Sumar koalizio federalista dela, eta «konpromiso sendoa» duela euskal autogobernuarekin. «Herritarren bizi baldintzak hobetzeko eta eskubideak zabaltzeko» erreformatu nahi du estatutua Hernandez eledun duen taldeak.
Pradalesek astelehenean jarraituko du bilera sortarekin. Orduan, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza hartuko du Lehendakaritzan. Litekeena da Pradalesen ikuspegiak gehiago bat egitea Anduezarenarekin, gaur hartutako batzarkideekin baino, bai egoera politikoaren eta bai aurreikuspen sozioekonomikoen inguruan. Ikusteko dago, baina, nola helduko dioten biek autogobernuaren auziari. Horren ostean, asteartean, Pradalesek EAJko eledun Joseba Diez Antxustegi eta EH Bilduko bozeramaile Pello Otxandiano hartuko ditu, eta, hala, bilera sailari amaiera eman.