PPk eskua luzatu dio UPNri bozetan elkarrekin joateko

Sergio Sayasen arabera, «erabateko borondatea» dute UPNrekin batera aurkezteko azaroaren 29ko hauteskundeetan. Ibarrolak erantzun du UPNk ere «akordio on bat» nahi duela

Sergio Sayas, uztailean, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Sergio Sayas, uztailean, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2026ko urriaren 6a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

UPNren teilatu gainean utzi du pilota Sergio Sayasek, Nafarroako PPko batzorde kudeatzaileko presidenteak. «Herritarrek batasuna eskatzen digute, eta arduradun politikook batasun hori eskaini behar dugu». Hala, eskua luzatu dio UPNri, eta azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako bozetan elkarrekin joateko prest azaldu da.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hauteskundeak aurreratzeko erabakiaren berri eman eta biharamunean, agerraldia egin du Sayasek. Haren hitzetan, PPk «erabateko borondatea» du UPNrekin batera aurkezteko. Epeak estutu badira ere, hori «epearen barruan» egingo dutela gaineratu du.

Sayasen iragana

Ez du argitu, baina, bere eskaintzak letra txikirik ba ote duen. Adibidez, orain elkarrekin joanez gero foru hauteskundeetan elkarrekin joatea ere jar dezake baldintza gisa PPk. Era berean, egun Nafarroako PPko bi aurpegi ezagunenak, Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero, 2022an UPNtik modu txarrean atera ziren. «Ez dut uste pertsona jakin batzuk oztopo izango garenik herritarrentzat ona den akordio bat egiteko». 

Javier Garciak PPko presidentetza utziz geroztik, behin-behinean presidente da Sayas. Kongresurako zerrendan aurkezteko aukerari buruz galdetuta, Sayasek ez du baztertu. «Alderdiak erabakitzen duen tokian egongo naiz». Ezin da baztertu foru hauteskundeetarako zerrendan aurkeztea ere.

Dena den, Sayasek baztertu egin du Voxekin hauteskunde arloko akordioa egitea. «Gure arteko ikuspegiek ez dute zerikusirik. Hauteskunde ostean gobernu akordioa izan dezakegu Voxekin, baina hauteskunde aliantzarik ez». 

Ibarrolaren erantzuna

UPNko Cristina Ibarrolak Onda Cero irratian adierazi du «akordio on bat» lortu nahi dutela. «Historikoki, UPNk erakutsi du ona dela Nafarroarentzat PPrekin elkar ulertzea eta akordio bat lortzea». Dena den, zehaztu du Espainiako Gorteetako bozetan elkarrekin joan ohi direla. 

Ibarrolaren hitzetan, alderdiaren erabaki organoen esku egongo da azken hitza. «Nik ez dut nire iritzi soila ematen, baizik eta alderdiarena. Akordio on bat lortu behar dugu, Nafarroarentzat ona izango dena». Haren hitzetan, UPN prest dago jokaleku politiko guztiei aurre egiteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA