Sergio Sayasek hartu du Nafarroako PPren gidaritza

Javier Garciak uko egin dio alderdiko presidente izateari. Behin-behinean batzorde kudeatzaile batek zuzenduko du alderdia, eta haren buru izango da Sayas dipututua.

Sergio Sayas PPko batzorde kudeatzaileko burua eta Javier Garcia, PPko bozeramailea. JESUS DIGES / EFE
Sergio Sayas PPko batzorde kudeatzaileko burua eta Javier Garcia, PPko bozeramailea. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko irailaren 28a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Javier Garciak atzera egin du. Larunbatean jakinarazi zion Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteari Nafarroako buruzagi izateari utziko diola ia lau urteren ondoren «garai berri bati» ekiteko. Haren ordez, behin-behinean, Sergio Sayasek hartuko du alderdiaren gidaritza.

Dena den, itxura guztien arabera, Sayas bihurtuko da Nafarroako behin betiko liderra. Iazko udaberrian barne krisia azaleratu zen alderdiaren barruan, eta Garciaren beraren lidergoa auzitan jarri zen. Ordutik, Sayas izan da Espainiako PPren hautagai nagusia. Hala ere, Sayasek berak ukatu egin du mugimendu hori gero hautagai izatearekin lotuta dagoela. 

«Gogoeta asko egin dut, erabaki pertsonala izan da, eta duela asko jakinarazi nion Alberto Nuñez Feijoori»

JAVIER GARCIANafarroako PPko presidente ohia

Dena den, denborak ongi neurtu dira. Foru hauteskundeetarako zortzi hilabete falta diren honetan, PPk eman du kolpea. Hain zuzen ere, Nafarroako alderdi nagusiek jada erabakia dute zeintzuk izango diren hautagai nagusiak, eta pauso hori ematea falta direnen artean dago PP. Nahiz eta oraindik urrats ofizialak egitea falta den, Garciaren erabakiak bidea libre utzi dio Sayasi. Garcia onik atera da, oraingoz. Krisi hotsak zabaldu ez daitezen, legealdia amaitu bitartean PPko taldeko eledun izaten jarraituko du.

Garciaren lemapean, PP ez da nabarmendu legealdi honetan, eta barne krisia izan du. Kanpora begira, Garciak adierazi du bere erabakia izan dela, eta arrazoi pertsonalak daudela tartean. «Gogoeta asko egin dut, erabaki pertsonala izan da, eta duela asko jakinarazi nion Alberto Nuñez Feijoori». Nahiz eta duela gutxi hautagai izateko prest zegoela adierazi, Garciak gaur esan du bizitzan beste proiektu batzuk dituela eta politikari %100 eman ostean garai bat itxi dela.

Alderdiaren esanetara

Alderdiak hori egitera behartu ote duen galdetuta, urduri jarri da Garcia, eta erantzun du ezetz. Haren esanetan, «alderdiaren esanetara» dago, eta Feijook berak eskatu dio parlamentuko bozeramaile izateko. Garciak azpimarratu du PPko afiliatu izaten jarraituko duela. Sayas hautagai egokia ote den galdetuta, erantzun du «zorionez» hori Feijooren erabakia dela, eta oraingoz hautagaien izendapena ez dela bere lehentasuna. «Hala balitz, babes osoa adieraziko diogu, baita nik ere». 

Uneotan, beste zenbait aukeraren artean, PPren eta UPNren arteko koalizio bat osatzeko aukera dago. Alderdiak isilpean hitz egiten ari dira, eta Garciak berak adierazi du bere erabakiak ez duela zertan baldintzatu elkarrizketa hori. «Akordio bat baldin badago, berdin dio ni egon edo ez. Denok gara beharrezkoak, baina inor ez da lehentasunezkoa».

Ia lau urte

Garciak 2022ko abenduan hartu zuen Nafarroako PPren presidentetza, Ana Beltranen ordez. Hain zuzen ere, Beltranen ingurukoekin talka izan du. Jose Suarez parlamentari ohiak maiatzean dimisioa eman zuen, eta, agurrean, irmo kritikatu zuen: «Zintzotasun, zorroztasun, koherentzia eta bokazio falta» egotzi zion. Gainera, Garciak Amelia Salanueva idazkari nagusia kargutik bota zuen, eta, Espainiako zuzendaritzak erabakia gerarazi bazuen ere, barne krisi hartan kolokan geratu zen haren lidergoa.

Ordutik, Sayas izan da PPren komodina. Preseski, Espainiako zuzendaritzak Nafarroako idazkari nagusi izendatu zuen iaz, Salanuevaren ordez, eta orain hark hartuko du batzorde kudeatzailearen ardura.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA