Krisi hotsek indarra hartu dute Nafarroako PPn. Lehenik, Jose Suarez parlamentari ohiak dimisioa eman zuen iragan astean, Javier Garcia presidentearen kontrako kritika gogorra eginda. Gerora jakin denez, Amelia Salanuevak idazkari nagusi izateari utziko ziola adierazi zuen Garciak otsailean, Iruñean egindako zuzendaritza bilera batean, eta Espainiako PPk kargugabetze hori gerarazi zuen. Krisiak agerian utzi du, halaber, alderdiko sektore batek ez duela begi onez ikusten Garciaren kudeaketa.
Asteleheneroko eledunen batzordeko bilerara ez da joan Garcia. Astero, taldeetako bozeramaileak parlamentuko jardueraz eta aktualitateko gaiez mintzatu ohi dira, eta kazetarien galderei erantzun behar diete. Gaurko agerraldira Irene Royo parlamentaria bidali du —Royok eledun gisa parte hartzen du batzuetan—. Hain zuzen ere, Madrilgo Genova kaleko egoitzan, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak bilera garrantzitsua du deituta gaur lurraldeetako arduradunekin, Kongresuko data aurreratzeko aukerari buruz. Eta han egongo da Garcia.
Parlamentuan, pilota guztiak gainetik kendu ditu Royok. Batetik, ukatu egin du Espainiako PPk eta Nafarroako militante talde batek Garciaren lidergoa auzitan jartzen dutela. Bestetik, Amelia Salanuevak idazkari nagusi izateari utzi ote dion galdetuta, Royok erantzun du Garciak jakinaraziko duela erabaki oro.
Alderdia Suarezek dimisioa eman aurreko egoera berean balego bezala jokatu du Royok, azken batean. Alta, Navarra Sumako parlamentari ohiak agerian utzi zuen Garciaren gestioaren gaineko zalantzak daudela alderdian. «Politikan motibatzen nauten balio politikoak falta zaizkio [Garciari]: zintzotasuna, zorroztasuna, koherentzia eta bokazioa», idatzi zuen dimisioa ematerakoan.
Salanuevak ez zekien
Behin elur pilota maldan behera botata, handitzen joan da. Alderdiko iturriek egiaztatu dituzte zalantza horiek. Orain arte komunikabideetan islatu ez den gertaera batek ireki zuen arrakala. Otsailaren 23ko zuzendaritzaren bileran, Garciak jakinarazi zuen Amelia Salanueva idazkari nagusia kargutik kendu zuela eta konfiantzazko pertsona bat jarriko zuela haren ordez: Eva Gorri diputatu eta parlamentari ohia.
Bilera hura hasi baino minutu batzuk lehenago eman zion erabakiaren berri, eta Espainiako PPko zuzendaritza ere ez zen horren jakitun. Berehala jarri ziren harremanetan, eta erabakia gerarazi zuten. Gerora, Garciak ukatu egin zuen ofizialki idazkari nagusiaren karguan aldaketarik egon dela.
Diario de Navarra egunkariak azaldu duenez, apirilaren 22an, Espainiako PPk Carmen Funez Antolamendu arloko idazkariordea bidali zuen Iruñera. Zuzendaritzaren bilera egitekoak ziren. Aurretik, Funez Garciarekin bildu zen, eta egin nahi zituen aldaketen berri eman zion. Hori entzunda, Funezek zuzendaritzaren bilera bertan behera utzi, eta Madrilera itzuli zen. Alta, zuzendaritzaren bilera horretan alderdiko kide batzuk gogor kritikatu zuten Garciaren jokabidea.
Oraingoz ez dute erabakirik hartu, eta Amelia Salanuevak karguan jarraitzen du. Garciak estraofizialki esan du PPk denbora eskatu diola erabakiak atzeratu ahal izateko. Era berean, Garciak normaltasuna adierazi nahi du. Ostiral goizean etxebizitzari buruzko ekitaldi bat egon zen, eta bertan izan ziren Nafarroako PPko ordezkari nagusiak, Salanueva eta Garcia tartean. Batasun irudia islatu nahi izan zuten han, eta Garciak ukatu egin zuen zatiketarik dagoela.
Navarra Suma koalizio hautsia indartzeko parada zuen legealdi honetan Alderdi Popularrak, UPNren ahulaldia baliatuta. Carlos Garcia Adaneroren eta Sergio Sayasen fitxaketak lagungarri izan zitezkeen, baina, bi urteren ondoren, ez dirudi egoera mesedegarri hori probestu duenik. Orain, ikusi beharko da krisi hotsak amatatzen diren edo indar handiagoa hartzen duten, eta egoera horrek guztiak zer ondorio dituen luzarora.