PPk ohartarazi du autogobernua «ukiezina» dela, Voxekin batera gobernatuko balu ere

Esther Martinez PPko Bizkaiko hautagaiak lasaitasun mezua helarazi nahi izan du, eta esan du, Espainian ultraeskuinarekin batera gobernatuko balute ere, autogobernua ez dagoela arriskuan.

Jon Etxeberria Gipuzkoako hautagaia, Ester Muñoz eta Javier de Andres alderdikideek lagunduta, gaur, Andoainen. PP
Jon Etxeberria Gipuzkoako hautagaia, Ester Muñoz eta Javier de Andres alderdikideek lagunduta, gaur, Andoainen. PP
kristina martin
2026ko azaroaren 24a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alderdi Popularra leuntzen ari da bere balizko gobernukide Vox kanpainan zabaltzen ari den zentralizazioaren mehatxuak, eta autogobernua «ukiezina» dela berretsi du gaur. Esther Martinez Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak lasaitasun mezua igorri du Radio Euskadin, eta adierazi du, Vox ultraeskuindarrarekin batera gobernuan egonda ere, «marra gorriak» ezarri dituela PPk.

Martinezek esan duenez, PPk Espainia gobernatuko balu, Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin eta adostasunak bilatuko lituzke. PPko hautagaiaren hitzetan, politika «adostasunak bilatzean eta elkarlanean aritzean» datza, aldeek «berdin pentsatu beharrik gabe ere». Alderdi Popularrak autogobernuarekin duen konpromisoaren adibide bat ere ipini du: «Oker ez banaiz, kontzertu ekonomikoa iraunkor bihurtu zen PPk gehiengo osoa zeukan gobernu batekin». Jose Maria Aznarri buruz ari zen, izan ere, lege hura 2002an onartu zen, haren agintepean.

Bizkaiko zerrendaburuak azaldu duenez, Alderdi Popularrak autogobernua ikusten du «boterearen muga bat bezala, administrazio bakoitzak bere eskumenak eta finantzaketa izan ditzan, eta zerbitzu publikoak eskaintzen eraginkorrak izan daitezen». Erantsi duenez, PPk ez du konpartitzen autogobernua eta transferentziak «xantaia» gisa hartzen dituztenen ikuspuntua. Ildo horretatik, PPk eta Voxek osatutako gobernu batek pizten duen beldurrari buruz, Martinezek lasaitasuna plazaratu du, eta esplikatu du Santiago Abascalen alderdiarekin beste erkidegoetan duten koalizio gobernuetan «marra gorriak» jarri dituztela. Hartara, Espainiako Konstituzioari errespetu osoa diotela berretsi du, eta gehitu du «Konstituzioak jasotzen duen autonomien estatua ukiezina» dela.

Ester Muñoz Andoainen

PPk ekitaldi bat egin du gaur eguerdian Andoainen (Gipuzkoa). Jon Etxeberria hautagaiarekin batera izan dira Ester Muñoz PPren bozeramailea Kongresuan eta Javier de Andres alderdiaren EAEko presidentea. Muñozek salatu du herriko plaza nagusian egin duten mitinean gazte batzuek txistuak egin dizkietela, eta EH Bilduri egotzi dio «kumeak» bidali izana haiei «hitzez erasotzea».

Hain justu, atzo RTVEk egindako debatean, Oskar Matute EH Bilduko eledunak Muñozi esan zion berak ez zuela «kumerik», eta Euskal Herrian kanpaina egitera animatu zuen: «Nik nahi dut zuk bihar Andoainen kanpaina egitea, benetan diot, hitz egiten duzuen bakoitzean erakusten baituzue gure herriarekiko deskonexioa. Gure botoak elikatu besterik ez duzue egiten; beraz, egin nahi duzuen kanpaina guztia».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA