Blokeen arteko lehia ardazten ari dira azaroaren 29ko hauteskundeak, eta Espainian, inkesta gehienen arabera, PPk eta Voxek osatutakoak aukera handiak ditu gailentzeko. Baina Euskal Herriko egoera politikoa oso bestelakoa da, eta hori agerian gelditu da ETB2k antolatutako hauteskunde eztabaidan.
2023ko hauteskundeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritza lortu zuten bost alderdiek parte hartu dute eztabaidan, Dani Alvarez kazetariak gidatuta. Voxek ez zuen diputaturik lortu hiru herrialde horietan, eta, beraz, PPko Esther Martinez izan da bloke horrek eztabaidan izan duen ordezkari bakarra. Eta hori nabaritu egin da: gainerako alderdietako bozeramaileek jopuntuan izan dute PPko ordezkaria, eta estu hartu dute behin baino gehiagotan, haren alderdiak proposatutako neurriak kritikatuz, Voxen eskutik joan izana aurpegiratuz eta bi alderdiek osatutako «gobernu erreakzionario» baten arriskuez ohartaraziz.
«Hauteskunde hauetan zer dago jokoan?», galdetu du Alvarezek, eztabaidaren lehenengo atalari bide emateko. Segituan iritsi da «bloke erreakzionarioaren» kontrako kritika erauntsia. PSE-EEko hautagai Patxi Lopezek esan du bozetan «dena» dagoela jokoan, «PPk eta Voxek osatutako koalizioa motozerrarekin iristeko arriskua dagoelako». EH Bilduko Oskar Matutek erantsi du «demokraziaren eta autoritarismoaren arteko erreferendumtzat» har daitezkeela igandeko hauteskundeak. Fronte Zabaleko Lander Martinezek, berriz, esan du igandean «etxebizitza ala errentismoa, demokrazia ala basakeria» dela ebatzi beharreko auzia.
«Indar subiranista gara, eta ez dugu inolako asmorik Espainiako Gobernuan egoteko»
OSKAR MATUTE EH Bilduren hautagaia
Deseroso egon da PPko ordezkaria erauntsiaren aurrean. Kexu agertu da Voxek proposatutakoak bere alderdiari ere egozten zizkiotelako: «Nik azalduko dut zein den PPren jarrera, eta ez dut onartuko beste inork nire ordez hori egin nahi izatea». Eztabaidaren pasarte batean, iradoki du gainerako alderdiek zuten berba egiteko tartea «halako lau» izan beharko lukeela berak, denek eraso egiten ziotela eta.
Desberdina izan da EAJren jarrera. Maribel Vaquerok ere PP kritikatu du, Esther Martinezi gogorarazi dio haren bazkideak behin baino gehiagotan berba egin duela autogobernuaren eta Kontzertu Ekonomikoaren kontra, eta bezperan Espainiako telebista publikoan esandakoa berretsi du PPk gobernatuko balu EAJk izango lukeen jarreraz: «Vox tartean badago, ezer ez, inoiz ez». Baina nahiago izan du EAJren proposamenak aletu eta jeltzaleek «Madrilen erdietsitako lorpenak» goraipatzea, xextra albo batera utzita: «Guk ez dugu nahi Madrilen nagusitu den liskar giroa hona ekartzea. Norbait horretan tematuta badago, ez kontatu gurekin».
Herritarren kezkak
Herritarren kezken ingurukoa izan da eztabaidaren bigarren atala, eta hor agertu dira PP ez beste alderdien jarreren arteko lehen ñabardurak, etxebizitzaz, inflazioaz, pentsioez edo zerbitzu publikoez ari zirenean. Baita blokekide zituztenei zuzendutako estreinako geziak ere: Lander Martinezek, esaterako, PSOEri esan dio agintaldi honetan «galga jarrita» jardun dutela eta «behartuta» hartu dituztela zenbait erabaki. EAJri, berriz, gogorarazi dio Espainiako Kongresuan eskuinarekin batera bozkatu zuela alokairuak automatikoki berritzearen kontra.
«Guk ez dugu nahi Madrilen nagusitu den liskar giroa hona ekartzea; ez kontatu gurekin»
MARIBEL VAQUERO EAJren hautagaia
Eztabaidaren azken atalak «boterearen aritmetika» izan du hizpide, eta gobernua osatzeko aukerak eta itun posibleak aletu dituzte hor. PPren kontrako kritika zaparrada eta «bloke erreakzionarioaren» arriskuen inguruko ohartarazpenak ez dira gelditu, baina gainerako alderdiek ere mezuak bidali dizkiote elkarri. Vaquerok esan du EAJ izan dela «PPren eta Voxen arteko gobernua galarazi duen bakarra», eta baieztapena ez da gainerakoen gogoko izan: «Badirudi gainerakoon botoek ez zutela balio izan», esan dio Lopezek. «Voxekin ezer ez, baina Vox ez badago, PPrekin bai?», galdetu dio Matutek: «Ayusoren eta Telladoren PPrekin akordioak egin daitezkeela pentsatzen al duzue?». «Uste dut oso argi mintzatu naizela», erantzun dio Vaquerok.
Fronte Zabalaren eta EH Bilduren artean ere egon da xextrarik. Lander Martinezek esan du «onena» opa diela ezkerreko gainerako indarrei, baina gezia bota du: «Guk gobernuan egon nahi dugu, Ministro Kontseiluan, gauzak aldatu ahal izateko; Kongresuan gelditzea oso erosoa da». «Gu indar subiranista gara, eta ez dugu inolako asmorik Espainiako Gobernuan egoteko», erantzun du Matutek, eta gogorarazi Espainiako Gobernuak ez duela aintzat hartzen «Euskal Herriaren nazio izaera».