EHU Euskal Herriko Unibertsitatekora ez. Ezta Mondragon Unibertsitatekora ere. Baina Deustuko Unibertsitatekora bai: Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Deustuko Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldian izan da gaur arratsaldean, Bilbon; ondoan izan du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Perez Iglesias.
Harrabotsa eragin zuen Pradales unibertsitate publikoaren ikasturte irekierako ekitaldian ez egon izanak. Unibertsitate publikoari «behar besteko balioa» ez ematea egotzi zion Ixone Fernandez de Labastida Arabako Campuseko errektoreordeak. Joan den astean, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, Perez Iglesias aferaz mintzatu zen, kazetariek eskatuta. Esan zuen ez zela bere ardura lehendakariaren agenda kudeatzea.
Pradalesek ez du argitu zergatik ez zen joan EHUren ikasturte hasierako ekitaldira. El Correo egunkariaren arabera, zera erabaki du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: urte bakoitzean unibertsitate bateko —EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea— ikasturte hasierara joatea; lehenengoa unibertsitate publikoa da; beste biak, berriz, pribatuak. Perez Iglesias sailburua hiruren ikasturte hasierara joan da, eta Euneiz unibertsitate pribatuarenera ere joango da, datorren asteazkenean.