Pradales, hezkuntzako grebez: «Asteleheneko 08:00ak arte egin dezakegu akordioa»

Imanol Pradalesek uste du sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak akordio bat lor dezaketela datorren asteko grebak bertan behera uzteko.

Imanol Pradales, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Imanol Pradales, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko maiatzaren 9a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Badago zalantza, eta badago jakin-mina: goizeko negoziazio mahaiaren ostean, 15:30 aldera berriro biltzekoak dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta sindikatuak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleentzat lan akordio berri bat lortzea dute xede, datorren asterako deituta dituzten bost greba egunak bertan behera uzteko. EH Bilduk galdetuta, auzia izan du hizpide gaur goizean Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Ziurtatu du azken unera arte saiatuko direla negoziatzen: «Asteleheneko 08:00ak arte egin dezakegu akordioa; hobe gaur bihar baino, baina ez dadila izan azken unera arte ez saiatzeagatik».

Ziurtatu du Hezkuntza Sailak baduela akordioa lortzeko borondatea, eta, bide hori urratze aldera, sindikatuei arduraz jokatzea galdegin die: «Benetan hobetuko al ditugu ikasleen emaitzak greba eginez eta hezkuntza publikoa geldituz ikasleentzat erabakigarria den garaian?».

Horiek horrela, zera nahi du lehendakariak: «negoziatzeko borondatea» eta «marra gorririk gabe» aritzea, erdigunean hezkuntza publikoa hobetzea jarriz eta ez «beste helburu batzuk». Jarrera hori izanez gero, baikorra da Pradales: «Akordioa posible da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.