Buruz buru jarri dira gaur Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eleduna eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, eta zorrotz mintzatu zaio Otxandiano: «Konpromisorako euskal ituna hautsi egin duzu». Atxilotuen jatorriaren inguruko informazioa zabaltzeari egin dio erreferentzia, joan den urte bukaeran jakinarazi baitzuten Ertzaintza atxilotuen jatorria zehazten hasiko zela hedabideei zabaltzen dizkien prentsa oharretan. EH Bilduko eledunak salatu du erabaki horren kontra dagoela gehiengoa, eta bi eztabaida nahasi izana aurpegiratu dio lehendakariari: segurtasuna eta migrazioa. Are, erran dio jatorriaren berri emateko erabakia «hauteskunde asmoek» bultzatuta hartu dutela.
Pradalesek, baina, esplikatu dio Segurtasun sailburuak «xehetasun guztiak» eman zituela legebiltzarrean, eta Arartekoarekin ere «kontrastatu» zuela informazioa. «Mundua ez da hankaz gora jarri atxilotuen jatorriaren berri emateagatik». Otxandianoren irudiko, lehendakariak «herriarentzako itun bat» jaso zuen herentzian, baina «hautsi» egin du batasun hori, «aldebakarreko erabaki bat» hartuta. Horrenbertzez, eskatu dio lidergoa har dezala eta migrazioari buruzko itun bat ondu dezala.
Gainera, EH Bilduko eledunak uste du migrazioa eta segurtasuna nahasi izanak «arriskua» duela, eta balitekeela arazoa «handiegia» izatea lehendakariarentzat.
Kolpe bati, bertze bat bueltan. Otxandianok azken osoko bilkuran erran zuen «herri logikak» gailendu behar zuela «alderdi logikaren» gainetik, eta halaxe erantzun dio gaur Pradalesek: «EAJkook eta PSE-EEkoak batzen gaituen bakarra botere gosea dela diozue; benetan uste duzue elite ustela garela? Herriaren ordezkari bakarra zuek zaretela uste duzue?». Eta ez hori bakarrik, «tranpa» egin izana egotzi dio Otxandianori, migrazioa eta segurtasuna «kutxa berean» sartzeagatik. «Buru-belarri zabiltzate euskararen gaiarekin, eta gaur atxilotuen gaiarekin zatozte. Hori da Bilduren ustez herri erronka nagusia?».
Pradalesek berak erantzun dio galdera horri: «Herri erronkez hitz egin baino, nahiago duzue bazterrak nahasten aritu». Eta gaineratu du ez duela egia «ezkutatzeko» asmorik; aitzitik, «egiari erantzuna ematea» duela helburu. Otxandianori erran dio EH Bilduk ere baduela atxilotuen jatorriaren berri, eta galdetu dio ea zergatik «gorde» nahi duen informazio hori.
Bukaerarako utzi du azkena Pradalesek: «Bi elementu nahastu dituzu, eta, badakizu zer? Ultraeskuina gogorarazi didazu. Dena nahastera baino ez zara etorri hona».
Hilean 172 ziberdeliNkuentzia kasu erregistratu ditu jaurlaritzak
Bilkura berean bertze gai batzuk ere jorratu dituzte; ziberdelinkuentziarena, kasurako. Hain justu, Lore Martinez EH Bilduko legebiltzarkideak delituen «etengabeko gorakadari» buruz galdetu dio Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta hark datuak aurkeztuz eman dio erantzuna: Cyberzaintza Euskadiko Zibersegurtasun Agentziak hilean 172 intzidentzia erregistratu zituen joan den urtean. Guztira, ia 28.000 delitu urtean; delitu guztien %19.
Martinezek esplikatu du delitu horien gibelean ez dela identifikatutako inor egoten, eta Ertzaintzak «26 agenterekin» geldiarazi asmo dituela «28.000 delitu». Arrazoia eman dio Zupiriak, eta baieztatu Internet bidezko erasoek goiti egin dutela, baita aurtengo lehen hiruhilekoan ere.
Hiru eraso mota aipatu ditu sailburuak. Lehena, herritar gehienek salatzen dutena: bankuaren izenean iritsi den mezu batean sartu, eta iruzurra aktibatzen da. Bigarrena enpresetan gertatzen da, eta webguneen bitartez egin ohi diete iruzur erabiltzaileei. Eta hirugarren kasua estatuak espiatzeko helburuarekin egiten da.
Zupiriak erran du gustatuko litzaiokeela agente gehiago jartzea delitu horiek kontrolatzen, eta hitzeman du atal hori «berregituratu» eginen dutela. Gaur-gaurkoz, «prebentzioan» egiten du lan Cyberzaintza agentziak.