Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek uste du asteleheneko itzalaldi orokorra «estresa neurtzeko» proba bat izan zela; alegia, administrazioa eta herritarrak halako krisiei aurre egiteko prest ote dauden egiaztatzeko azterketa gisako bat. Lehendakariaren hitzetan, ordea, emaitzak agerian utzi zituen hutsune guztiak: «Gure zaurgarritasuna agerian jarri zen».
Bada, Pradalesek uste du ezinbestekoa dela era horretako krisiei erantzuteko hobeto prestatuta egotea: «Asteleheneko itzalaldiak areagotu egin du egoeraz jabetzeko eta gure segurtasun integrala indartzeko beharra». Izan ere, gogora ekarri du azkenaldian antzeko kasu bat baino gehiago izan direla. Adibide gisa jarri ditu COVID-19aren pandemia, Ukrainako gerra, erdieroaleen krisia, nazioarteko hornidura krisia eta muturreko gertakari klimatikoak. «Bost bat urtean gertatu dira horiek denak».
Hori dela eta, Pradalesek herri gisa «hausnarketa sakona» egitea eskatu du, halako «shockei erantzuteko» gaitasunari buruz. «Hauskortasunaren gaineko kontzientzia indibiduala eta kolektiboa hartu behar dugu, eta geure burua babesten ikasi». Segurtasuna indartzea da erronketako bat, bai, baina segurtasuna «adiera zabalean» ulertuta, hots, ez soilik militarra.
«Asteleheneko itzalaldiak areagotu egin du egoeraz jabetzeko eta gure segurtasun integrala indartzeko beharra»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Pradalesen hitzetan, beharrezkoa da, halaber, arlo hauei lotutakoa bermatzea: energetikoa, teknologikoa, klimatikoa, eta elikadurari, hornidurei, urari eta osasunari lotutakoa. Eta horretarako, nabarmendu duenez, autogobernua da tresnarik eraginkorrena eta «aliaturik handiena». Lehendakariak adierazi du funtsezkoa dela hura «berritzea eta zabaltzea», garaian garaiko erronkei erantzun ahal izateko.
Europaren autonomia estrategikoa sendotzeko inbertsioak areagotu behar direla ere iritzi dio Pradalesek, Enrico Lettak eta Mario Draghik Europako Batzordearentzat egindako txostenak jasotzen dituen gomendioei jarraikiz: «Beharrezkoa da erritmoa azkartzea eta gaurdanik mugaz gaindiko eta kontinenteko ahalmenak eta konektibitatea hobetzea, lehiakortasunari eta segurtasun integralari dagokienez».
Lehendakariak gogorarazi du txosten hura «iratzargailuaren alarma» izan zela Europako erakundeentzat, eta Trumpen «ezusteko etorrera, berriz, bat-batean esnatu gintuen zirrara hotza». Itzalaldiak, ordea, agerian utzi du ez dela nahikoa altxatzea, Pradalesek ohartarazi duenez: «Ekin ere egin behar da».