Pradalesek barkamena eskatu du txerto iraungiengatik, eta «ardurak argituko» dituela ziurtatu

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du ahal duen guztia eginen duela gertatutakoa «berriro ez gertatzeko».

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Madrilen, iragan urriaren 8an. JAVIER LIZON / EFE
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Madrilen, iragan urriaren 8an. JAVIER LIZON / EFE
Isabel Jaurena.
2026ko otsailaren 2a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk joan den asteartean jakinarazi zuen Osakidetzak txerto iraungiak jarri zizkiela hainbat pertsonari, eta egun horretan bertan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gertatutakoa aitortu zuen. Eta gaur iritsi dira Imanol Pradales lehendakariaren adierazpenak: barkamena eskatu du txerto iraungiengatik, eta erran du ahal duen guztia eginen duela «ardurak argitzeko», baldin eta «beharrezkoa bada». 

Zehazki, Osakidetzak txerto hexabalente iraungiak jarri dizkie 103 pertsonari: hemezortzi, bi hilabeteko haurrei; 29, lau hilabetekoei; 51, 11 hilabetekoei; eta bortz, 42 eta 69 urte arteko bortz helduri. Txerto horrek sei gaitzen kontrako babesa ematen du: difteria, tetanosa, kukutxeztula, Haemophilus influenzae b, poliomielitisa eta B hepatitisa. Hamahiru ESIetatik hamabitan gertatu da. Hasieran horiek guztiak berriz ere txertatu beharko zituztela erran bazuten ere, 30era jaitsi zuen kopurua. Joan den ortziralean hasi ziren horiek txertatzen, eta gaur akituko dute. 

MiKS ospitalearen inaugurazio ekitaldian egin ditu adierazpenak Pradalesek: «Txertoekin gertatutakoak ez zuen inoiz gertatu behar. Horregatik, Eusko Jaurlaritza osoaren izenean barkamena eskatzen dut». Lehendakariak adierazi du ahal duen guztia eginen duela gertatutakoa «berriro ez gertatzeko» eta, «beharrezkoa bada, ardurak argitzeko»; «gure osasun sistemaren bikaintasuna negoziaezina delako». Kaltetutako familien lekuan jarri dela erran du, eta ulertzen duela horiek «zaurgarri» sentitu izana. 

Batzordea

Joan den ortziralean egin zuten Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordearen lehenbiziko bilera, eta helburu hauek ezarri zituzten: txertoen kudeaketa eta trazabilitate prozesu guztia ebaluatzea eta aztertzea, erosten dituztenetik jartzen dituzten arte; halako hutsak zergatik egin diren eta etorkizuneko arriskuak zein diren zehaztea; hutsegiteak nola eta zer testuingurutan gertatu ziren argitzea; eta neurri zuzentzaileak proposatzea, «pazienteen segurtasuna areagotzeko eta sistemaren kontrolak indartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.