«Ayuso, entzun, Euskadi euskaldun!» abestuz amaitu zuen Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitzaldia, joan den igandean, EAJren Alderdi Egunean. Atzo, Madrilgo erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayusok hitz horiek aldatu, eta «antzina» esaten zenarekin lotu zuen lehendakaria, hitzoi indarkeriazko esanahia eman nahian, zeren «Ayuso, entzun, pin-pan-pun» bihurtu baitzituen Pradalesen hitzak. «Hitz horiek oso kezkagarriak dira», esan zuen elkarrizketa batean.
Gaur, segida izan dute Pradalesen eta Ayusoren adierazpen gurutzatuek. Jaurlaritzako buruak Ayuso salatu du hitzak «manipulatu» egin dizkiolako, «modu zatarrean eta duintasunik gabe», eta «indarkeria banalizatzea» egotzi dio. «Politikan dena ez da balekoa», esan du.
Euskal Herrian bakarrik ez, Espainiako hedabideetan ere zabalkunde handia izaten ari da Diaz Ayusoren «pin-pan-pun» hori. Haren arabera, «mezu horiek datoz [Espainiako gobernuburu Pedro] Sanchezen bazkideengandik». PPko gidariak bere azalpenarekin jarraitu zuen Tele5 kateari emandako elkarrizketan: «Mehatxu horiek, 'Ayuso, entzun' horrek esan nahi du 'zure atzetik gabiltza'. Gainera, euskara erabiltzen dute hitzezko indarkeria gisa».
«Nire hitzetan ez da izan inolako mehatxurik. Diaz Ayusok euskara eta euskal nortasuna gutxiesten jarraitzen du»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Pradalesek «antipolitikatzat» jo ditu Diaz Ayusoren hitzak, baina, hala ere, barkamena eskatu dio, bere hitzen bidez ofenditu badu. Hitz horietan —«Ayuso, entzun, Euskadi euskaldun!»— ez da izan «inolako mehatxurik», Pradalesek argitu duenez. Eta berriro ezetsi du Diaz Ayusok «euskara eta euskal nortasuna gutxiesten jarraitzea».
Aurtengo ekainean, Espainiako Estatuko erkidegoetako presidenteek Bartzelonan egin zuten bileran, Diaz Ayuso aretotik atera zen euskara ez entzuteko, eta jarrera horren atzean «intolerantzia» dagoela esan zuen Pradalesek orduan, eta hau erantsi: «Ez dut bizi nahi garagardoak libre hartu bai baina zure hizkuntzan askatasun berberaz hitz egin ezin duzun batean».
Populismoa inportatzea
EAJko eta EH Bilduko eledunek sarritan esan dute Espainiako politikagintzaren «toxikotasuna alde batera» utzi behar dela Euskal Herrian. Urte politikoaren hasieran, Pradalesek berak adierazi zuen Espainiako politikak «zarata eta egoera penagarria» islatzen dituela, baina igandean Diaz Ayusori erreparatu zion zuzenean.
Bada, ika-mika horren inguruan aritu da gaur Pello Otxandiano, EH Bilduko legebiltzarreko eleduna. «Euskal Herrira inportatu nahi ez dugun espainiar politika populista eta euskarafoboa» kanpoan uzteko moduaz aritu da. Otxandianok esan du Eusko Legebiltzarreko «gehiengo demokratikoa kontrajarri» behar zaiela manera horiei. Eta Jaurlaritzako lehendakari Pradalesi ere igorri dio mezu bat: «Madrilen dinamika kutsagarriarekin dialektikan ibili ordez, hobe dugu herri honen parte honetan ditugun gehiengoak aktibatzea».
«Madrilen dinamika kutsagarriarekin dialektikan ibili ordez, hobe dugu herri honen parte honetan ditugun gehiengoak aktibatzea»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna
Pradalesen eta Diaz Ayusoren arteko ika-mikaren jatorrian euskara dagoenez, koalizio abertzaleko bozeramaileak Euskal Enplegu Publikoaren Legeari erreparatu dio, zeina etzi jorratuko baitute Eusko Legebiltzarrean: «Aukera paregabea dugu gehiengo oso zabalarekin erantzuteko euskararen aurkako ofentsiba politiko, judizial eta mediatikoari». Otxandianok zuzenean eskatu dio EAJri «denborarik ez galtzeko» eduki horretan: «Baliatu ditzagun aukerak».
EAJ, berriz, buru-belarrik sartu da Madrilgo presidenteak egindako manipulazioa salatzeko lanera. Pradales lehendakariaren aldeko babesa azaldu du Euzkadi Buru Batzarreko presidente Aitor Estebanek, X sare sozialean. «Inork zalantzarik baldin bazuen: ez, ez da ezjakintasuna, fede txarra da. Politika egiteko bere modua da», idatzi du. Jeltzaleak Espainiako eta Euskal Herriko politikaren moduen arteko alderaketa egiten ari dira aspaldian, eta Estebanek atzera EAJk «politika egiteko beste modu bat» duela azpimarratu du, «beti gure herrialdearen, gure hizkuntzaren eta gure nortasunaren defentsan».