«Euskadi euskaldun» eta «pin-pan-pun» nahastu ditu Diaz Ayusok

Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak EAJko Alderdi Egunean esandakoa baliatu du Madrilgo erkidegoko presidenteak, hitz horiek indarkeriarekin nahastu, eta «oso kezkagarriak» direla adierazteko.

Isabel Diaz Ayuso artxiboko argazki batean. CAM / EFE
Isabel Diaz Ayuso artxiboko argazki batean. CAM / EFE
xabier martin
2025eko irailaren 29a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJren Alderdi Egunean, igandean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek Madrilgo erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayusori erreparatu zion, autogobernuari buruz ari zela. Esan zuen Madrildik «oso diskurtso arriskutsuak» iristen ari direla, eta gogoratu zuen Diaz Ayusok zer jokabide izan zuen udan, Pradalesek euskaraz hitz egin zuenean autonomia erkidegoetako presidenteen Bartzelonako bileran. «Ayuso, entzun, Euskadi euskaldun!» abestuz amaitu zuen agerraldia Pradalesek.

Bada, Diaz Ayusok Pradalesen hitzak aldatu, eta «antzina» esaten zenarekin lotu du Jaurlaritzako lehendakaria, hitzoi indarkeriazko esanahia eman nahian, zeren «Ayuso, entzun, pin-pan-pun» bihurtu ditu lehendakariaren hitzak. «Hitz horiek oso kezkagarriak dira», esan du elkarrizketa batean.

«Mehatxu horiek, 'Ayuso, entzun' horrek esan nahi du 'zure atzetik gabiltza'. Gainera, euskara erabiltzen dute hitzezko indarkeria gisa»

ISABEL DIAZ AYUSO Madrilgo erkidegoko presidentea

EAJko eta EH Bilduko eledunek sarritan esan dute Espainiako politikagintzaren «toxikotasuna alde batera» utzi behar dela Euskal Herrian. Urte politikoaren hasieran, Pradalesek berak adierazi zuen Espainiako politikak «zarata eta egoera penagarria» islatzen dituela, eta, atzo, Diaz Ayusori erreparatu zion zuzenean, trumpismoaren maneretara hurbiltzen ari den politikariari, hain zuzen. Azkar jaso du erantzuna, eta Ayusoren hitzek, euskararen inguruko ezjakintasuna baino gehiago, ika-mikaren beharra islatu dute: «'Ayuso, entzun, pin-pan-pun' esan nahi dute lehendakariaren hitzek; antzina esaten zen hori, eta oso kezkagarria».

Sanchezen bazkideak

Eta bide beretik jarraitu du: «Mezu horiek datoz [Espainiako gobernuburu Pedro] Sanchezen bazkideengandik. Mehatxu horiek, 'Ayuso, entzun' horrek esan nahi du 'zure atzetik gabiltza'. Gainera, euskara erabiltzen dute hitzezko indarkeria gisa; hori ohikoa da Sanchezen bazkideen artean».

Madrilgo zarata eta giro penagarria euskal politikatik urrun uzteko helburua dute EAJk eta Eusko Jaurlaritzak, lehendakariaren arabera, baina Pradalesek Ayusorekiko konfrontazioan sakondu du. Erkidegoetako presidenteen batzarraren harira, Jaurlaritzako lehendakariak «onartezintzat» jo zuen Diaz Ayusoren jarrera, «euskararekiko errespetu falta larritzat».

Bartzelonako bileran, Diaz Ayuso aretotik atera zen euskara ez entzuteko, eta jarrera horren atzean «intolerantzia» dagoela esan zuen Pradalesek, eta hau erantsi zuen: «Ez dut bizi nahi garagardoak askatasunean har ditzakezun herri batean, baina zure hizkuntzan askatasun berberaz hitz egin ezin duzun batean». Orain, berriz, Pradalesek zabalik dauka berriro fronte bat Espainiako PPren barruan erreferente nagusi den agintariarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.