Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izandakoa (2004-2012) inputatu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Atzo, Jose Luis Calama instrukzio epaileak kaleratu zuen auto bat, eta, haren arabera, Zapatero «influentzia trafikoko azpiegitura egonkor baten» burua litzakete. PSOEko buru izan zenari egozten dio bere «eragina» baliatu izana etekin ekonomikoa lortzeko. Bada, Euskal Herriko alderdi nagusiek «zuhurtzia» eskatu dute inputazio hori dela eta.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek esan du «gertaera oso larria» dela, «aurrekaririk gabekoa», eta «erantzunak» eskatzen dituela, epaileak egindako akusazioak argitzeko. Edonola ere, «zuhurtzia» eskatu du lehendakariak, eta Zapateroren «errugabetasun presuntzioa errespetatzea» galdegin du. Zapaterori eskatu dio «azkar» eta «erabateko gardentasunez» eman ditzala erantzun politikoak. Baina, era berean, hari buruzko «epaiketa aurreraturik» ez egiteko eskatu du, «gero ziabogak hartu behar izaten baitira» zenbaitetan.
Auzitegi Nazionala
EH Bilduk ere bide beretik abiatu du Zapateroren egoerari buruzko azterketa. Koalizioko Programa idazkari Nerea Kortajarenak uste du «zuhurtzia handiz» aritzea eskatzen duela egoerak. «Oso informazio gutxi dugu, prentsa bitartez jakiten joan garena. Horregatik, garrantzitsua da orain zuhurtzia handiz aritzea». Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Kortajarenak helarazi du horrelako auzi judizialek «zurrunbilo handiak» eragiten dituztela, eta uste du hobe dela «zorrotz» aritzea. «Herri honetan ere badakigu Auzitegi Nazionalak sortzen dituen inputazio horien inguruan zer izaten den. Ikus dezagun zer ematen duten datozen egunek eta asteek», erantsi du.
Espainiako legealdiari begira, Pedro Sanchez sozialistaren gobernuak jaso berri duen azken kolpe horrek zer-nolako eragina izan dezakeen galdetu diote Kortajarenari. «Legealdi honek helburu bat behar du», erantzun du; «eta helburu hori bilatzeko ahaleginean, gero eta agerikoagoa da ezinbestekoa dela estatua demokratizatzeko neurrietan aurrera egitea». Hala, EH Bilduko eledunak uste du «ezinbestekoa» dela «ikuspegi sozialetik gutxieneko oinarri batzuk izango dituen programa bat adostea». Gainera, koalizio abertzalea estatuaren «plurinazionaltasunaren inguruan aurrerapausoak ematearen alde» dago.