«Ipar Euskal Herrian ahulduta eta gutxituta dago euskara, eta, Pirinioez bestaldeko hizkuntza ere badenez, Frantziako herrialdearen ondarearen parte da». Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu daiteke Euskal Herrian, baina egin daiteke hortik kanpo ere: Parisen egin ditu adierazpen horiek Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Frantziako Senatuan, Regions de France elkarteak antolatutako ekitaldi instituzionalean. Lehendakariak bazuen motiborik han egoteko; izan ere, elkarteak berak gonbidatu du Pradales, EAE Euskal Autonomia Erkidegoa «erreferentzia gisa» ezagutarazteko Frantziako Estatuko eskualde ereduari buruzko eztabaidan. Zehazkiago, Europako eskualdeen eta estaturik gabeko nazioen etorkizunari buruz aritu dira solasean.
Pradalesek euskara hutsean egin ditu adierazpenak, argudiatuta euskarak Europan izan beharko lukeen ofizialtasuna aldarrikatzeko modu bat dela hori. Horrekin batera, Frantziako Estatuari eskatu dio lagun dezala Europan euskararen ofizialtasuna lortzen, eta defentsa horretan «zuzenean» har dezala parte. «Herri gisa Europan dagokigun lekua hartu behar dugu, eta ahots propioz hitz egin», adierazi du.
Regions de France elkarteak eskakizun bat egina zion gaurko: esplika zezala nola funtzionatzen duen EAEko autogobernu ereduak. Gaur, lehendakariak erran du autogobernu zabala lortzeak «oparotasun eta ongizate maila handia» dakarrela herritarrentzat, eta ezin dela autogobernu politikorik lortu autogobernu ekonomiko eta finantzario «eraginkorrik» gabe: «Autogobernuak errealitate jakin bati erantzun behar dio; gure kasuan, adibidez, nortasun nazionalari, eskubide historikoei eta legitimitate demokratikoari. Ez dugu kafea denentzat ideian sinesten, baina bai estatuek errealitate ezberdinak onartzeko eta horiei hurbiltasunetik erantzuteko duten premian».
Aukerak «aprobetxatu»
Aholku zerrenda bat egin dio jarraian estatuari. Hasteko, autogobernuak eskaintzen dituen aukerak «aprobetxatu» ditzala gomendatu dio, bertzeak bertze, oreka eta kohesio soziala bermatzeko. «Euskadi garapen ekonomikoaren eta sozialaren abangoardian dago, eta ez da kasualitatea Europako herrialde aurreratuenen mailan egotea. Kudeaketa eredu deszentralizatu batek emaitzak ematen ditu», esplikatu du. Bertze aholku bat: partekatu dezala gobernantza. «Tokian tokiko formuletara egokitu behar da».
Bide batez, adierazi du Europa ezin dela «estatuen kluba» bertzerik izan, kontrara, «autonomia estrategikoa» bermatu behar dela, eta horretarako «aldaketa sakonak» egin behar direla gobernantzan eta finantzaketan. Eskua luzatu die, hein batean, aitzinean zituen eskualdeetako ordezkariei, eta erran die EAE haiekin lan egiteko prest dagoela baldin eta interes komunak badaude tartean. «Hala nola Akitaniarekin, Pirinioetako Lan Erkidegoarekin eta Makroeskualde Atlantikoaren bultzada partekatuarekin batera».
Martxoan izendatu zuten Pradales Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko buru, eta kargu horretatik ere egin nahi izan du solas. «Euroeskualdearen integrazio funtzionalean sakontzeko» eskatu du, eta jauzi kualitatibo bat emateko beharra defendatu, mugaz gaindiko lankidetza geldiarazten duten «lege eta administrazio oztopoak ezabatu» ditzaten. Finean, euroeskualdeak Europan duen eragina sendotu dadila eskatu du, «estaturik gabeko eskualdeen eta nazioen ahotsek indar handiagoa izan dezaten».