Pradalesek irailaren 8an hasi eta 15ean amaituko du alderdiekin eta sindikatuekin egingo duen bilera sorta

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakin asmo du EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren artean zer-nolako aurrerapenak egon diren estatus berriaren negoziazioei dagokienez, «egon badira».

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Donostian, urte politikoaren hasieran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Donostian, urte politikoaren hasieran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2026ko irailaren 4a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek jakinarazi du jada alderdiekin eta eragile sozioekonomikoekin datozen egunetan egingo duen bilera sortaren egutegia. Irailaren 8an hasiko ditu enkontru horiek, lehenik eta behin Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin, Voxekin salbu. Eskuin muturra bileretatik at utzi du Lehendakaritzak. Egun horretan, Jon Hernandezekin (Sumar) eta Javier de Andresekin (PP) elkartuko da. Hurrengo egunean, hilak 9 dituela, lehendakariak Eneko Andueza (PSE-EE), Pello Otxandiano (EH Bildu) eta Joseba Diez Antxustegi (EAJ) hartuko ditu, banan-banan.

Bilera sortaren bigarren fasea irailaren 11n hasiko da, sindikatuekin. Egun horretan, Pradalesek bi bilera egingo ditu: lehena, Jose Manuel Conderekin (UGT), eta bigarrena, Santiago Martinez Perezekin (CCOO). Hilaren 14ra arte ez da bilduko sindikatu abertzaleekin. Egun horretan, Pradalesek bi bilera egingo ditu: lehenik, Garbiñe Aranbururekin (LAB), eta, bigarrenik, Mitxel Lakuntzarekin (ELA). Patronala ere hartuko du lehendakariak bere bulegoan, baina biharamunean izango da, hilak 15 dituela. Tamara Yague (Confebask) izango du solaskide.

Gobernura iritsi berritan ere, Pradalesek egin zuen orain egingo duen bilera sortaren antzeko bat. Orduan, askotariko gaien inguruan eragileek zuten ikuspuntua jaso zuen, eta, legealdiaren erdia igarota, beste bilera sail bat egingo du, 2027ko hauteskunde zikloaren atarian.

Gai zerrenda luze bat

Bilera horien gai zerrenda argitu zuen Jaurlaritzako buruak orain egun batzuk, urte politikoko lehen Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, Donostian. Batetik, egoera ekonomikoaren eta etorkizunerako dituzten aurreikuspenen ingurukoak jorratu nahi ditu; besteak beste, hazkunde ekonomikoari eta enpleguari lotutakoak. Izan ere, lehendakariak kezka adierazi du inflazioa herritarren «poltsikoetan» izaten ari den eraginagatik. Gainera, abagune hori baliatuko du 2027rako aurrekontu proiektuaren oinarrien lehen aurkezpena egiteko ere.

Bestetik, autogobernua «indartzearen eta zabaltzearen» inguruan aritu nahi du. Pradalesek adierazi zuen «izaera nabarmen legegilea» izango duela abiatu berri den urte politikoak, eta Jaurlaritzaren asmoen berri emango die eragileei. Autogobernuaren auzian, baina, ezinbestean landu beharreko beste bi gai ere baditu lehendakariak: Gernikako Estatutua osatzeko Espainiako Gobernuarekin dituen negoziazioen egoera eta estatus politiko berriaren inguruko eztabaida. 

Baina etorkizuneko estatus politikoaren inguruko eztabaidari dagokionez, lehendakariak ez zuen xehetasunik eman. Adierazi zuen «alderdiak entzuteko» konpromisoa hartu zuela eta «berretsi» egiten zuela konpromiso hori. Hala, bilera sortan jakin asmo du EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko negoziazioetan zer-nolako aurrerapenak egon diren, «egon badira». Era berean, eta entzuten duenaren arabera, adierazi zuen irailaren 17an Eusko Legebiltzarrean egingo duten politika orokorreko bilkura izan daitekeela «lehendakariaren posizioa markatzeko» abagunea.

Edonola ere, gaur bertan esan du hiru alderdi horiek negoziatzeko «mahaian» jarraitzen dutela, eta hori «albiste ona» dela. Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, hau esan du: «Mahaian jarraitzen duten bitartean adostasunerako aukera dago».

Migrazioa eta segurtasuna

Alabaina, alderdi abertzaleek gero eta ziurgabeagotzat jotzen dute estatus berri baten negoziazioen ahalezko emaitza Madrilen aurrera atera ahal izatea indarrean den legealdiaren barruan. Gertatzen dena gertazen dela ere, euskal alderdiek beren prozesuarekin jarraitu behar dutela helarazi du Pradalesek. Batera edo bestera, Ceutako krisiari dagokionez Pedro Sanchezen gobernua «berandu eta gaizki» aritu dela esan du lehendakariak, eta hura ez badu «berehala» konponbidean jartzen «legealdia bukaturik» egongo dela.

Jaurlaritzako buruak adierazi du arreta eman diola Ceutako auziari loturik Sanchezek erakutsi duen «lidergo faltak». «Sanchezek lidergoa izateko gaitasuna izan du pandemiaren garaian, Valentziako uholdeetan eta suteen auzietan, baina oraingoan ez». Pradalesek «ahul» ikusi du Sanchez Espainiako Kongresuan, eta hori «oso esanguratsua» ei da.

«Nik ez dut halakorik onartuko. Gure herrian ez da halakorik onartzen. Gure herritarrek ondo bereizten dituzte migrazioa eta segurtasunaren gabezia»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Migrazioaren gaiari helduta, Pradalesek salatu du alderdi batzuek, «batez ere eskuin muturrekoak», interesa dutela «migrazioa eta segurtasunaren gabezia» nahasteko. «Nik ez dut halakorik onartuko. Gure herrian ez da halakorik onartzen. Gure herritarrek ondo bereizten dituzte migrazioa eta segurtasunaren gabezia, eta nik ez ditut elkartuko». Erantsi du 330.000 atzerritar bizi direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta «bizikidetza ona» dela, «oro har».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA