Hauteskunde kanpainaren azken asteburuan, dena emateko beharra sentitu dute alderdiek, eta hori nabaritu egin da hauteskunde ekitaldietan eta horietan aritzeko aukeratu dituzten hizlarietan. EAJk, esaterako, Eibarren egin du mitin nagusia (Gipuzkoa), eta han Imanol Pradales aritu da, EBBko presidente Aitor Estebanekin batera. Aste osoan kanpainatik aparte egon ostean, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak lehen mitina izan zuen atzo, Getxon (Bizkaia), eta gaur berriro parte hartu du bere alderdiaren ekitaldi nagusian. Eibarren, EAJ «euskal interesen lehen defentsa lerrotzat» jo du Pradalesek, eta hari botoa emateko deia egin du, «hauteskunde egunean gertatzen dena gertatzen dela ere herri honek funtzionatzen jarraituko baitu».
Pradalesen ustez, gainerako alderdiek «ahul» nahi dute EAJ, bereziki PPk eta PSOEk. «Madriletik gauzak oker badatoz, eta itxura guztien arabera badirudi hala izango dela, zer da hobea: EAJ indartsu edo ahul egotea? Eta kasualitatez orain artekoek jarraituko balute, horiekin nork jokatuko du zorrotzago: EAJk, edo babesa debalde emango dietela iragarri dutenek?», galdetu du, EH Bilduri erreferentzia eginez.
Pradalesek PP, PSOE eta bien arteko bloke dinamika kritikatu ditu, baina EH Bildurentzat ere izan ditu kritikak. Esan duenez, jeltzaleak Espainiako Gobernuarekin eskumen berriak edo Euskal Herriaren mesederako neurriak negoziatzen ari zirenean berak «publikoki eta modu pribatuan» eskatu dio EH Bilduri negoziazio horietan laguntzeko: «Haien erantzuna izan da isilik geratzea, eta beste aldera begiratzea. Beste afera batzuetan lanpetuta egon dira: antifaxismoan, ekofeminismoan edo kontu plurinazionaletan. Baina antifaxismoak ez ditu ordaintzen jendearen soldatak».
Estebanek ere blokeen arteko lehia gaitzetsi du, eta erantsi PSOEri eta PPri «agintea» baino ez zaiela axola, baina «Euskadiren arazoez txintik ere» ez dutela esaten. Haren iritziz, hauteskundeetan ez dago jokoan «Espainia zeinek gobernatuko duen, baizik Euskadi zeinek defendatuko duen». Eta hitzeman du EAJk egingo duela hori, «gobernatzen duenak gobernatzen duela ere».