Prefetak helegitea jarri du Hendaiako hautetsiak euskaraz mintzatzearen kontra

Ez du ontzat eman herriko kontseiluetan euskaraz mintzatu eta frantsesera itzultzeko aukera. Beste sei herriko etxeren kontra ebatzi du Paueko Administrazio Auzitegiak.

Kotte Ezenarro auzapeza, bere taldearekin, hauteskunde kanpainan. GUILLAUME FAUVEAU
Kotte Ezenarro auzapeza, bere taldearekin, hauteskunde kanpainan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko azaroaren 9a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen kontrako gurutzadarekin segitzen du Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Aldi honetan Hendaiako (Lapurdi) herriko etxeak hartutako delibero bat erretiratzeko eskatu du Mathie Duhamel Baionako suprefetak, Sud Ouest egunkariak jakitera eman duenez. Herriko kontseiluko bilkuretan ohikoa da euskaraz dakiten hautetsiek euskaraz egitea lehen hitzak, ondoren frantsesera itzultzeko. Aspalditik dute praktika hori, baina irail bukaerako bilkuran herriko etxeko araudian integratu zuten delibero baten bidez. Suprefetaren iritziz, hori ez da legezkoa, frantsesa ezin baita itzulpenerako hizkuntza izan.

Ez da lehen aldia halakorik egiten duela. Arrazoi bera erabili zuen Beskoitzeko herriko etxeak hartutako delibero bat atzera botatzeko. Prefeturaren jarrera salatu zuen Euskal Konfederazioak urri hasieran, eta ezinbestekotzat jo zuen euskararen estatus legala aldatzea. Euskararen koofizialtasuna galdetzeko mobilizazioa eginen dute heldu den azaroaren 21ean Baionan. 

Horrez gain, beste sei herriko etxek jaso dute Paueko Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren berri Kazeta.eus agerkariak jaso duenez. Sorpresarik gabe, orain arte bezala, behin behin bertan behera utzi ditu euskara ofizialki aitortuz hartu zituzten deliberoak. Orotara, hemezortzi herrik hartu dute oraingoz gisa horretako erabaki bat herriko kontseiluan; horietako hamabosten kontra egin du prefeturak, eta hamairu alditan arrazoi eman du Paueko auzitegian. Ostegun honetarako dute zita Baionak eta Sarak Bordeleko Administrazio Dei Auzitegian auziari segida emateko. Frantziako Estatu Kontseilura iristeko prest dela erran izan du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak. 

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA