Prefetaren «gezurrak» salatu eta euskararen koofizialtasuna aldarrikatu du Euskal Konfederazioak

Azaroaren 21erako Baionan antolatu duten manifestaziora batzeko dei egin dute, 'Euskararen garaia da' lelopean. Euskararen egoera «iraultzeko», konfederazioak «lege orokor baten beharra» azpimarratu du; Frantziako administrazioari inposatuko litzaioke.

Euskal Konfederazioaren prentsaurrekoa, gaur goizean, Baionako suprefeturaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Euskal Konfederazioaren prentsaurrekoa, gaur goizean, Baionako suprefeturaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko urriaren 5a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetak joan den ostegunean egin zuen prentsaurrekoari erantzuteko egin du berea Euskal Konfederazioak, hark errandako «gezurrak» salatu eta, beste behin, euskararen koofilzialtasuna aldarrikatzeko. Hain zuzen, joan den astean, prefetak berretsi zuen euskarari aitortza ofiziala egiteko herriko etxeek hartu dituzten deliberoak ez direla legezkoak; honakoan, berriz, prefetak «ofizialki hitza» daramaten deliberoak auzitegi administratibora eraman izana «zentzugabekeriatzat» jo du Euskal Konfederazioak.

Prefeta kontrakoaren segurtatzen ahalegindu bazen ere, Konfederazioak argiki adierazi du herriko etxeen deliberoen afera ez dela auzi juridikoa, «politikoa baizik». Erraterako, ohartarazi dute «2018tik hona testuak eta lege esparrua» ez direla aldatu; aldatu den gauza bakarra «prefetaren jarrera» izan dela, eta «Frantziako administrazioaren jarreraren gogortzea islatzen» duela. 2018ko urtea aipatu badute, Euskal Hirigune Elkargoak orduan izenpetu zuen ezagupenaren datari dagokio: «euskara eta gaskoia lurraldeko hizkuntza ofizial gisa» aitortu zituzten.

Hain justu, «ofizialki» hitzaren erabilpenean eman zuen azpimarra prefetak, joan den ostegunean: haren hitzetan, horrek sortzen du arazoa, euskarari frantsesaren heineko estatusa ematea lekarkeelako. Eta baieztatu zuen esaldi hori ez zela agertzen 2018ko deliberoan. «Euskara plana bozkatzeko erabaki bat izan zen. Planaren editorialean agertzen zen, baina deliberoan ez», adierazi zuen. Bada, okerra da informazio hori: 2018ko ekainaren 23an elkargoak bozkatu zuen deliberoa eskuratu du BERRIAk, eta bi aldiz agertzen da euskararen aitortza.

Berdintsu mintzatu da Euskal Konfederazioa ere, eta horrela argudiatu du prefetaren joera politikoa izatea. Hala, azaroaren 21erako Baionan antolatu duten manifestaziora batzeko dei egin dute, Euskararen garaia da lelopean. Horrez gain, lurraldeko hautetsi eta arduradun politikoak «beren erantzukizunak hartzera» deitu dituzte, manifestaziora batzera eta manifestua izenpetzera, zeinak aldarrikatzen baitu euskararen koofizialtasuna. 

Herriko bozetako kanpainan, Euskal Konfederazioak euskararen aldeko engaiamenduak har zitzatela eskatu zien tokian-tokian aurkeztu ziren hautagaiei. Uztailean iritsi ziren lehen deliberoak. Uztailaren 2an Sarako herriko etxeak bozkatu zuen, eta uztailaren 25ean, Baionakoak. Bien kontrako helegitea jarri zuen Jean Marie Girier orduko prefetak. Lehen instantzian ontzat eman zituen helegiteak, baina dei egin dute bi herriko etxeek. Orain, Bordeleko Administrazio Auzitegiak aztertu beharko ditu. Frantziako Estatu Kontseiluraino iristeko borondatea agertu zuen Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak.

Anartean, Girier joan zen, eta Fetet iritsi zen; eta beste herriko etxe batzuen erabakiei ere errekurtsoa ezarri die prefeta berriak. Ondoko asteetan aztertuko dituzte Paueko Administrazio Auzitegian.

Larresoro eta Beskoitze

Prefeturaren jarreraren bilakaera oraino gehiago azpimarratzeko, Larresoroko eta Beskoitzeko (Lapurdi) beste bi afera aipatu dituzte konfederaziokoek, beren ustez hizkuntza eskubideak urratzen dituztenak. Izan ere, Larresororen kasuan, herriko kontseiluak karriken euskarazko izendapena delibero bidez onartu zuen, 2016an. Egungo prefetak, haatik, deliberoa ezeztatzea erabaki du. «Onartezina zaie» konfederaziokoei.

Beskoitzen, herriko barne araudiak zioen kontseilariek hitza euskaraz har lezaketela frantsesezko itzulpena egin aitzin. Oraindik goiti, ez da gehiago posible izanen, prefetak agindu baitu aukera bakarra itzulpena frantsesetik euskarara egitea izatea.

Horiengatik guztiengatik, Euskal Konfederazioak argi du «Frantziako gaur egungo lege esparruak» ez dituela «euskara bezalako hizkuntza gutxituak babesten» eta, are, «konstituzioaren 2. artikuluaren interpretazio geroz eta murriztaileagoa» aplikatzen ari direla. Egoera «iraultzeko», konfederazioak «lege orokor baten beharra» azpimarratu du, baita konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko beharra ere.

Elkarteak zehaztu du Gure hizkuntzak bizi daitezen egitasmoaren parte direla eta, kolektiboak joan den astean eman zuen prentsaurrekoan adierazi zuen bezala, Frantziako presidentetza hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaiak bi gai horien inguruan interpelatzeko asmoa duela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA