Kezkatua mintzatu da Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea Ipar Euskal Herrian diren Frantziako Estatuko ordezkariek euskarari begira duten jarrerarekin. Euskararen aitortza ofizialari egindako helegiteez gain, herriko etxeetako hainbat deliberoren kontra egin dute azkenaldian, hala nola Beskoitzen, Larresoron (Lapurdi) eta Gamarten (Nafarroa Beherea). «Detaile guziak so egiten dituzte», Kurutxarriren hitzetan. Euskal Hirigune Elkargoan ere eragina izan dezakeela uste du. «Lanjerosa da, bada arriskua euskara desager dadin gure biltzarretatik».
Orain dela urtebete, komunikazio kanpaina egin zuen Ipar Euskal Herriko garraio sindikatuak. Afixa bat euskaraz eman zuten, eta bestea frantsesez. Mathieu Duhamel Baionako suprefetak euskara hutsean idatzia zena erretiratzeko eskatu zuen, Kurutxarriren arabera. Larresoron, karriken izen ofizialak euskaraz ematea lortu zuten 2016ko delibero batean, eta prefeturak ez zuen horren kontra egin. Baina aurten, karrika bat luzatu dute obra batzuk egin ondotik; hori bozkatzeko deliberoan 'Orgilaneko bidea' gisara ageri da karrikaren izena. Delibero berri hori baliatu dute estatuko zerbitzuek karrikaren izena frantsesera pasatzeko.
Baina Beskoitzeko kasua zaio larriena Kurutxarriri. Herriko etxeko barne araudian idatzi zuten herriko kontseiluetako bilkuretan hautetsiek aukera dutela hitza euskaraz hartzeko eta ondotik frantsesezko itzulpena egiteko. Baina maiatzaren 26an bozkatu zutena erretiratzeko eskatu die Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Arrazoia: frantsesa lehen hizkuntza izan behar da; ezin da itzulpen hizkuntza izan. Ondorioz, oraindik goiti, ez da gehiago posible izanen lehen hitza euskaraz egitea, prefetak agindu baitu aukera bakarra itzulpena frantsesetik euskarara egitea dela. Horrek gainerako erakundeetan izan ditzakeen ondorioez ohartarazi du Kurutxarrik. «Gure biltzarretan ohikoa da hautetsi euskaldunek lehen hitza euskaraz egin dezagun. Zenbaitetan, sar hitz labur bat izaten da, batzuetan luzeagoa. Baina eztabaida guziak frantsesez egiten dira ondoren», ohartarazi du. Haren hitzetan, ez luke zentzurik alderantziz egiteak: «Frantsesez hasteak, bukaeran errateko 'milesker eta agur'. Erran nahi du euskara desagertuko dela biltzar horretatik, hamar urte bizi izan ondotik. Larria da, adierazpen askatasunaren kontrako erasoa baita».
Gamarteko euskara plana
Irail bukaeran bozkatu zuten Gamarteko euskara planaren kontra egin du berriki Baionako suprefetak. Urriaren 9an Maitena Zubeldia auzapezari bidali zion gutuna eskuratu du Mediabask-ek. Deliberoaren sar hitzean agertzen den esaldi batek sortu dio arazoa estatuko ordezkariari, euskara herriko «komunikazio hizkuntza» dela berresten baitute, frantsesaren alboan. «Idazketa anbiguoak pentsaraz lezake badela borondate bat euskara herriko administrazioko hizkuntza gisara altxatzeko», dio suprefetak. Izan ere, euskara planean hautetsiei aholkatua zaie hitzartzeak euskaraz egiteko, behar izanez gero bat-bateko itzulpenarekin. Halaber, telefono harreran lehen hitza euskaraz egitea. Frantziako Konstituzioko 2. artikuluan oinarritzen da, beste behin, suprefeta, azpimarratzeko zerbitzu publiko baten misioa duen ezein egiturari frantsesa inposatzen zaiola.