Printzipiorik ez: neurri konkretuak. Hara zer galdegiten duen hizkuntza politikarako Euskal Konfederazioak osatu duen barometroak. Herriko bozetara aurkeztu diren 180 zerrendari helarazi diete galdetegia, eta haietarik 38 prest agertu dira neurri konkretuak hartzeko —27 herritakoak dira—. Gaur jakinarazi dituzte emaitzak, Baionan egindako agerraldian. Barometroa bere egin duten zerrendak ikusgai dira deiadar.org webgunean, eta bertan ikus daitezke zerrenda bakoitzak landu dituen neurriak. Herri handi eta ttipietako zerrendek erantzun dutela segurtatu dute, «joera guzietakoak».
Ikusi gehiago
Barometroaren helburua hautagaiak «gogoetaraztea» ere bada, Sebastien Castet Konfederazioko eledunaren hitzetan, eta horregatik galdetu diete azalpenak helaraz ditzaten engaiamenduez harago neurri bakoitzari dagokion aplikazioari buruz. Hortaz, erran dute ez zaiola so egin behar zerrenda bakoitzak hartu dituen engaiamenduen kopuruari bakarrik, baina bai horiei dagokien azalpenari.
Orotara 226 zerrenda aurkeztuko dira herriko bozetara, eta Konfederazioko kideek erran dute kanpaina «biziki trinkoa eta berantiarra» izan dela, eta horregatik ezin izan direla denengana iritsi. Halere, uste dute barometroa ikusi gabe ere zerrenda gehienek euskararen aldeko neurri konkretuak bildu dituztela beren programetan. «Lehen, eztabaida euskararen alde edo kontra zen, baina horretan garapen bat izan da. Orain gehienek badakite zer den hizkuntza politika, eta neurri batzuk proposatzen dituzte», erran du Peio Jorajuria Konfederazioko kideak.
Nolanahi ere, hautesleak «informatzeko» xedearekin egin zuten barometroa, eta gonbidatu dituzte emaitzak xeheki aztertzera: «Gure asmoa ez da hautagaien arteko lehia egitea emaitzen inguruan. Hautesleak aski handiak dira beren hautua egiteko, eta horregatik gonbidatzen ditugu emaitzei behatzera». Gainera, segurtatu dute bozen ondotik baliagarria izanen den tresna bat ere badela, sustut hizkuntza politikaren segipena eta ebaluazioa egin ahal izateko. Bost helbururen arabera osatu dute barometroa: prestigioa, erabilera, transmisioa, baliabideak eta ikusgaitasuna.