Prekaritatera kondenatuak

Hamaika modutan eragiten du etxebizitzaren auziak euskal herritarren bizitzan. Logeletan eta ur berorik eta argirik gabe bizitzera behartuta dauden horietatik hasi, eta gurasoen etxetik kanpo bizitzeko diru laguntzak ezinbesteko dituzten horietaraino.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek antolatutako mobilizazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek antolatutako mobilizazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Maddi Iztuela Olano - Paulo Ostolaza
Donostia - Zarautz
2026ko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Logela bost lagunekin partekatu behar dutenak; lanaldi osoko kontratua izanik ere emantzipatu ahal izateko diru laguntzak ezinbesteko dituztenak; eta 30 urterekin gurasoen etxetik kanpo bizi ezin direnak. Hamaika aurpegi ditu etxebizitzaren auziak Euskal Herrian, eta horietako biren testigantzak jaso ditu BERRIAk.

Hamza: «Nik gela propioa nuen, baina ez zidaten kontraturik egin; beltzean ordaindu behar nuen»

Arratsaldetan kafesnea edatea gustatzen zaio Hamzari —ez da egiazko izena, elkarrizketatuak ez baitu hura identifikatzerik nahi—, baina esne aparrik gabe. Gipuzkoako sukalde batean igarotzen ditu astelehenetik ostiralera bitarteko goizak, baita zenbait larunbat ere; handik irteterakoan, ordea, beste inork ezagutzen ez duen txoko batean ematen du gaua. 

Hamza Aljeriakoa da, eta duela hiru urte iritsi zen Euskal Herrira. Hatz erakuslearekin adierazi dio kazetariari nondik irten zen, eta kontatu du bost eguneko ibilbidea egin zuela beste hamazazpi lagunekin, pateran. «Lehen ez, baina orain beldur pixka bat diot itsasoari», gehitu du. Kale gorrian bizi izan zen bi urtez, eta, aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntzaren bidez, aukera izan du alokairuko etxe bat bilatzeko. 

Bilatu, eta aurkitu. Ez baldintza duinetan, ordea. Azaldu duenez, bospasei lagun bizi ziren alokatu zuen aurreneko etxebizitzan; hiru logela zeuden denera, hortaz, gela banatu behar zuten haietako zenbaitek. «Nik gela propioa nuen, baina ez zidaten kontraturik egin; beltzean ordaindu behar nuen», adierazi du. Bizilagunek jarritako zenbait salaketaren eta pisuaren baldintzen ondorioz —animaliak bizi ziren bertan—, pisua hustu zuten.

Hamzak beste alokairu bat aurkitu zuen. Aurrekoaren gisara, sare sozialen bidez topatu zuen hura ere: «Ez zegoen ez ur berorik, ez argirik, jabeak ez baitzuen ordaindu nahi». Bi hilabete baino gutxiago egon zen pisu hartan, hor egon baino, nahiago baitzuten kalean egon. Haren arabera, ez zen «fio», eta «seguruago» sentitzen zen bere kontura. Bi alokairu horiengatik zenbat ordaintzen zuen galdetuta, zalantza egin du, baina erantzun: «450 eta 550 euroren artean». Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dion diru laguntza 633 euro ingurukoa da. 

Sareari eskerrak

Donostiako Harrera Sarearekin harreman estua du Hamzak, eta KAS Kaleko Afari Solidarioak ekinaldian ere parte hartu izan du, otordu beroak kozinatzen. Halere, nabarmendu du bakarrik egotea «zaila» dela, eta arrazializatua izanda eta kale gorrian egonda etxebizitza duin bat eskuratzea, are zailagoa. Idealista, Mil Anuncios, Wallapop... Plataforma askotan egiten du bilaketa. «Batzuek baietz esaten didate, baina gero lan kontratua exijitzen didate. Nik esaten diet ez dudala lan kontraturik, baina badaukadala Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntza. Alferrik da», kontatu du. 

Eta hori ez da traba bakarra. Behin baino gehiagotan saiatu izan da banketxean kontu korronte bat irekitzen, baina horretarako «ogibide baten egiaztagiria» erakuts dezala eskatzen diote. Hortaz, bi aukera ditu: jasotzen duen diru apurra gainean eramatea edozer gerta ere, jakinda horrek zer-nolako arriskua dakarren; edo diru laguntza Harrera Sarearen kontura bidali dezatela eskatu, eta haien bidez jasotzea.  

Lasai hitz egiten du Hamzak, eta, Harrera Sareko kide bat azalpenak ematen laguntzen ari zaion arren, guzti-guztia ulertzen du. Egiten ari den sukaldaritza ikastaroa ez da Euskal Herrian bizi denetik egin duen aurrenekoa, baina esan du «gustura» dabilela sukaldean, eta bukatutakoan ostalaritzan lan egin nahiko lukeela. Bien bitartean, kalean ez bizitzeko bide emango dion alokairu baten bila dabil. 

Gari Balenziaga: «Gazteok behartu egiten gaituzte gure herritik alde egitera»

Gari Balenziaga, bere etxean. BERRIA
Gari Balenziaga, bere etxean. BERRIA

«Nire asmoa zen etxe baten sarrera ordaindu ahal izateko adina aurreztea, baina, alokairuak horren garesti egonda eta soldataren zatirik handiena etxea ordaintzeko erabilita, geroz eta argiago dut ez naizela gai izango». Gari Balenziagarena da testigantza (Zarautz, Gipuzkoa, 1997), baina Euskal Herriko milaka gazterena izan liteke. 

Balenziaga zarauztarra da, 29 urte ditu, eta 2025eko martxoan emantzipatu zen, 28 urte bete berritan. Ezagun baten bidez iritsi zitzaion aukera, ahoz aho: «Idealista eta halakoetan zeuden eskaintzak ikusita, ezinezkoa zen zerbait lortzea. Ez prezioagatik bakarrik, baizik eta baita eskaintzen ziren alokairu gehienak aldi baterakoak zirelako ere». Etxebiden ere emana zuen izena, baina ez zuen zorterik izan herrian egin ziren zozketetan.

Etxejabea ezaguna duenez, alokairu eskuragarri bat ordaintzen du Balenziagak, eta elkarrizketan behin eta berriz esan du «pribilegiatutzat» daukala bere burua: «Tristea da hori esatea, baina horrela da. Ikusita Zarautzen 50 metro koadroko etxeak 1.300 eurotik gorako prezioetan eskaintzen direla, zortekoa naiz ni. Are gehiago diru laguntzak jasotzen ditudala jakinda».

«Zorionez edo zoritxarrez, Zarautzen jaio gara, hemen irudikatzen dugu gure etorkizuna, baina hori, oraintxe bertan, gure aukeretatik kanpo dago»

GARI BALENZIAGAAlokairuan bizi den gaztea

Bi dira kobratzen dituenak: Gaztelagun eta Emantzipa. Berak betetzen ditu Gaztelagun programaren laguntzak jasotzeko baldintzak, baina nabarmendu du «oso estuak» direla. «Zarautz bezalako herrietan, alokairua ezin da hilean 750 euro baino gehiagokoa izan. Hemen zenbat etxek betetzen dituzte baldintza horiek? Ez dago bat bera ere, nirearen antzeko kasuetan ez bada, behintzat», zehaztu du.

Oraingoz, 225 euro jasotzen ditu Gaztelagun programatik, eta 300 Emantzipatik. Aitortu du diru laguntzek asko laguntzen diotela, orain aurrezten ari dela eta pozik dagoela, baina baita «beldur handia» diola laguntzarik gabe geratu ondorengo aldiari. Ez da asko falta horretarako: martxoan utziko dio Emantzipa laguntza jasotzeari —30 urte betetzean, hain zuzen—, eta Gaztelagun datorren urtean bukatuko zaio ziurrenik, soldata muga gaindituko baitu orduan.

Egoera jasanezina

Zarauztarrak gradu bat eta master bat ditu ikasiak, eta hainbat urte daramatza Bilboko softwarearen arloko aholkularitza enpresa batean lanean. Haren iritziz, oso ondo dago egoera okerrenetan daudenei diru laguntzak ematea, baina bere antzera dauden gazteengan ere jarri du begirada: «Asko gara ezarritako mugak gutxigatik gainditzen ditugunak eta diru laguntzarik jaso ezin dugunak, edo, nik bezala, luze gabe jasotzeari utziko diogunak».

Esan du nahiago lukeela laguntzarik jaso ez eta prezioak apalagoak izatea. Izan ere, berari halakorik gertatu ez zaion arren, salatu du jabe askok alokairuak garestitzen dizkietela laguntzak jasotzen dituzten gazteei, eta diruak, azkenean, errentatzaileen poltsikoan amaitzen duela. 

Greba egiteko asmoa du: «Egoera jasanezina da. Gazteok emantzipatzeko aukera izan beharko genuke, eta behartu egiten gaituzte herritik alde egitera. Zorionez edo zoritxarrez, Zarautzen jaio gara, hemen irudikatzen dugu gure etorkizuna, baina hori, oraintxe bertan, gure aukeretatik kanpo dago». 

Argi dio: «Gaur egun, hemen nork du etxe baten sarrera ordaintzeko gaitasuna? Gurasoen laguntza duenak soilik».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA