Gizarte bazterketa pairatzen duten herritarrentzat zaila izaten da zenbait agiri eskuratzea eta, eskuratuz gero, horiek gordetzea, eta hori arazo larria da haientzat, dokumentazio hori ezinbestekoa izaten baita laguntza eta zerbitzu batzuk lortu ahal izateko. Horretaz jakitun, Agiria Agerian izeneko programa bat abiarazi du Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, herritar horiei dokumentazio pertsonala kudeatzen laguntzeko. Bazterkeriaren kontra lanean diharduten zenbait elkarteren laguntzaz ondu dute programa, eta baliabide digitalak erabiltzen ditu agiri horiek kudeatzeko.
Nerea Melgosa sailburuak azaldu duenez, pasaportea, errolda ziurtagiria, lan kontratua, osasun txartela eta antzeko agiriak behar-beharrezko dituzte herritar guztiek, eta horiek ezin eskuratzeak edo eskuratuz gero gordetzeko zailtasunak izateak baldintzatu egiten du zenbait laguntza eta zerbitzu jaso ahal izatea. Bereziki, kalean bizi direnek pairatzen dute egoera hori, baina «etxea izanda ere bizitokian, lanean edo familian ezegonkortasuna dutenek ere» nozitzen dute arazoa: «Agiria Agerian programaren helburua da ahultasun horri aurre egiteko biltegiratze digitaleko soluzio bat bideratzea, segurua eta doakoa», adierazi du.
Melgosaren iritziz, programa horren bidez agiriak eskuratu eta zaindu ahal izatea lagungarri izango da herritar horien gizarteratze prozesuan: «Bazterketa egoera larrian daudenak ere gure gizartearen parte dira, eta ez ditugu atzean utziko».
Batez ere, migratzaile gazteak, kontsumo edo buruko gaixotasunen ondorioz kalean dauden pertsonak eta gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden familiak izango dira programa berriaren hartzaile nagusiak, eta, horren bidez, dokumentuen kudeaketa digitalaren prozesua erraztuko zaie, «integrazio aukera handiagoak eta autonomia handiagoa izan ditzaten».
Melgosak iragarri du 100.000 euro jarriko dituztela alor horretan aritzen diren 70 erakunderi programa ezartzen laguntzeko.