PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak atea itxi dio Santurtzin (Bizkaia) udal gobernua aldatzeari. Karmele Tubilla Santurtziko alkate ohiak dimisioa eman zuen joan den astean, «arrazoi pertsonal, politiko eta profesionalak» zirela eta. Hain zuzen ere, udaltzain lanpostu bat betetzeko prozesuan irregulartasunik egon zen ala ez ikertzeko batzordea bildu baino ordubete eskas lehenago eman zuen erabaki horren berri Tubillak. Saio hartan, Sonia Lopez Segurtasun zinegotzi izandakoak deklaratu zuen «presio» egin ziotela «soslai jakin batzuen alde» aritzeko lan eskaintza publikoetan.
Horiek horrela, EH Bilduk iragarri du alkategaia aurkeztuko duela, EAJ gutxiengoan ari baita gobernatzen Santurtzin, PSE-EE oposizioan dela. Baina sozialisten idazkari nagusi Anduezak garbi utzi du Santurtziko alkatetza EAJren esku egongo dela aurrerantzean ere, PSEren babesari esker. Sozialisten buruak Bizkaiko arduradunen eta afiliatuen esku utzi du EAJrekin koalizio gobernu batean sartu edo ez erabakitzea, baina, edonola ere, baztertu egin du EH Bilduren alkategaia babesteko aukera.
ETBri emandako elkarrizketa batean, Anduezak esan du PSE alderdi «serioa» dela, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan EAJrekin duten akordioa «errespetatu» egingo dutela. Hala, zinegotzi gehieneko alderdietan bigarrenak, EH Bilduk alegia, ezingo du alkatetza eskuratu —koalizioak zinegotzi bat gutxiago du EAjk baino—.
Kontraesanak PSEren barruan
Santurtziko PSE-EEren taldeko bozeramaile Juan Andradesek egunotan ziurtatu du «EAJko zinegotzi guztiak inhabilitatuta» daudela udala gobernatzeko. Santurtziko PSE-EEren iritziz, gertatutakoa «uste zen baino askoz ere larriagoa» da, eta «orain» ulertu dute Tubillak zergatik eman zuen dimisioa «hain azkar». Andradesek adierazi zuen, Lopez Segurtasun zinegotzi ohiaren arabera, «udal gobernuko kide guztiek» zeukaten filtrazioaren berri. Horrek esan nahi du, hark azaldu zuenez, «EAJko zinegotzi guztiak inhabilitatuta» daudela.
Bistan da: PSE-EEko idazkari nagusiak bestela ikusten du Santurtziko auzia, eta gaur ziurtatu du aginte makila jeltzaleen esku egongo dela aurrerantzean ere. Bizkaiko arduradunen eta afiliatuen esku utzi du erabakitzea udal gobernu horretan alderdi bien arteko koalizio gobernua osatuko duten ala ez, baina atea itxi dio EH Bilduko alkate bat babesteari. «Guk gure hitza beteko dugu», esan du Anduezak.
Zenbait informazioren arabera, litekeena da Santurtziko egoerak lotura izatea Bizkaiko beste udalerri batean gertatzen ari denarekin. Trapagaranen aginte makila ezustean aldatu zen eskuz, 2023an: urte askoan jeltzaleek eduki ondoren, PSE-EEk hartu zuen. Ordutik, egoera politikoa ez da erraza izan han, sozialistak gutxiengoan ari baitira gobernatzen, jeltzaleak oposizioan gogor ari direla. Informazio horien arabera, Trapagarango egoera bideratzen bada, PSE-EEk babesa emango dio EAJri Santurtzin, Tubillaren agurraren ondoren ere.
EH Bilduk eskatu du Getxoko jauregiko lanak gelditzeko
EH Bilduk salatu du Getxoko Udala ez dela galarazten ari Irurak Bat jauregi babestua zegoen lurzoruan «luxuzko etxebizitzak eraikitzeko lanek aurrera» egitea. Jauregia botatzeko prozesua ikertzen ari dira auzitegiak, eta koalizioak eskatu du lan horiek gelditzeko epaitegiak erabaki arte deliturik egon den ala ez. «Egoera larria da, zantzuak baitaude pentsatzeko dena irregularra izan zela», esan du Getxoko EH Bilduk. Iragarri dute euren esku duten guztia egingo dutela eraikuntza lan horiek eteteko. «Adreilu bat bera ere ez, epaileek zer gertatu zen eta inor zigortu behar ote den argitu arte».