Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hogei urtetik gorako adostasuna apurtu, eta Ertzaintzaren prentsa oharretan atxilotutakoen jatorria zehazten hasi zen urriaren 14an. Bingen Zupiriak buru duen sailak alde bakarrez, PSE-EE gobernukidearekin adostu gabe, aldatu zuen irizpidea. Zupiriak ordu hartan erran zuenez, informazio horrek «delinkuentziaren diagnostiko zehatzago bat» egiten lagunduko du. Segurtasun sailburuak aitortu zuen PPk eta Voxek «presio ikaragarria» egin dutela Ertzaintzak atxilotuen herritartasunaren berri eman dezan. Eta erantsi Jaurlaritzak kontra egin duela beti, baina ez dutela argudiorik jatorriaren berri ez emateko. Eztabaida anitz ekarri ditu gai horrek geroztik, eta gaur Eusko Legebiltzarrera iritsi da, EH Bilduk aurkeztu duen mozio baten harira. Segurtasun Sailari atzera egiteko eta atxilotuen jatorria argitaratzeari uzteko eskatu dio koalizio subiranistak mozio horretan. Ez da aurrera atera. EH Bilduk Sumarren botoak baino ez ditu eskuratu. Gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk, batetik, eta PPk eta VoxekÂ, bestetik, aurka bozkatu dute.
PSE-EEk kontra bozkatu duen arren, mozioa sustatu duen EH Bildu bezain gogor aritu da Zupiriaren jarreraren aurka. PSE-EEko legebiltzarkide Miren Gallastegik ez du ezkutatu EAJren erabakiak ezinegona sortu diela euskal sozialistei. «Ez gaude ados EAJk egindako aldaketarekin. Eskuineko eskaerei amore eman die. Gure ustez, EAJk akatsa egin du», adierazi du irmo Gallastegik.
Jatorria ez argitaratzearen defentsa sutsua egin du, eta bi hamarkadaz indarrean egon den irizpideak helburu bat duela berretsi: migrazioa eta delinkuentzia ez lotzea, alegia. Gallastegik azaldu du jatorriak ez, baizik eta zaurgarritasunak baldintzatzen duela pertsona batzuek beste batzuek baino delitu gehiago egiteak. Ohartarazi duenez, Zupiriak alde bakarrez hartutako erabakiak jatorria eta delinkuentziaren arteko lotura indartzea besterik ez du lortu, «PPk eta Voxek nahi zuten bezala».
Jatorria zehazteko erabakia arrazoitzerakoan, Zupiriak esan zuen gardentasunaren izenean egin zuela. Gallastegi, ostera, zeharo aurka agertu da: «Ez da gardentasuna, testuingururik gabeko datuak dira, eta justu hori gardentasunaren kontrakoa da». Haren iritziz, «PPk eta Voxek datu horiek nahi dituzte migranteen aurkako arma bat bihurtzeko».
Argudioek eta botoak, ostera, ez dute norabide bera izan, eta gobernukide duen EAJrekiko leialtasuna gailendu da PSE-EEren botoan: EH Bilduren zuzenketa eskaerarekin ados egonda ere, mozioaren kontra bozkatu du. Argudiatu duenez, gobernukideen arteko desadostasunak pribatuan lantzea nahiago dute, eta uko egin dio «Legebiltzarrean Zupiriari zaplasteko bat» emateari.
Hauteskunde kutsua
Mozioa aurkeztu duen EH Bilduren argudioak Nerea Kortajarenak defendatu ditu. Bingen Zupiriari irizpide aldaketa zuzentzea eskatu dio, eta Segutasun sailburuari aurpegiratu dio duela urtebete, 2024ko abenduan, Legebiltzarrean bertan sutsuki defendatu zuela jatorria ez argitaratzeko irizpidea, Vox alderdi ultraeskuindarrak hori aldatzea eskatu zionean. Orduan, Zupiriak esan zuen jatorria emateak diskriminazioa eta estigmatizazioa elikatzen dituela.
Kortajarenaren esanetan, Zupiriaren irizpide aldaketak hauteskunde kutsua du, eta egotzi dio ideologia kontserbadorea duten herritarren botoa eskuratu nahi izatea. Horretarako, haren hitzetan, adostasuna alde batera utzi, eta marra gorria gaindituta, populismora jo du EAJk. Kortajarenaren aburuz, jarrera horren ondorioz, EAJk Vox hauspotu du, eta «eskuin muturraren manipulazioari atea zabaldu dio».
Iritzi berekoa da Sumar. Jon Hernandez legebiltzarkidearen esanetan, «erakundeak ez daude estigmatizazioa sustatzeko», eta horixe da, hain zuzen ere, jatorria aipatzeak lortzen duen bakarra: «Delituari buruzko informazioan ez du inolako ekarpenik egiten, baina arrazakeria, ostera, sustatu egiten du».
Zupiriaren ausardia goraipatu du
EAJko Joseba Diez Antxustegik, berriz, Zupiriaren ausardia goraipatu du. «Espainiako sailburu ausartena dela esango nuke». Zupiriak erabakiaren defentsan egin zuen moduan, gardentasuna aipatu du jatorriaren berri emateko erabakia zuritzeko. Beste taldeei zuzenduta, zera galdetu die: «Gizarteari datuak ezkutatzea proposatzen ari al zarete? Oso larria da termino demokratikoetan, informaziorako eskubidea bermatu behar baitugu». Horrekin batera, aldarrikatu duenez, «alderdi demokratikoek kalean, lantegietan eta tabernetan dauden eztabaidak kontuan hartu behar ditugu, guk ez badugu egiten eskuin muturrari uzten diogulako eremu librea».
PPk eta Voxek, aitzitik, atsegin handiz hartu dute Zupiriaren irizpide aldaketa.
fiskal aurrerakoiak, jatorria argitaratzearen aurka
Fiskal aurrerakoiak batzen dituen Espainiako elkarte batek —Fiskalen Batasun Aurrerakoiak (UPF)— ez du begi onez ikusten Ertzaintzaren atxilotuen jatorria argitaratzea. Haien ustez, ez du balio segurtasuna hobetzeko, eta gizartearen kohesioa kaltetzen du. «Teknikoki ez da eraginkorra, juridikoki zalantzazkoa da, eta sozialki arriskutsua». Fiskal horiek argudiatu dutenez, «bizikidetzaren oinarrizko printzipioak zalantzan jartzen dituelako, eta tratu berdintasunari buruz Europako zein nazioarteko estandarren kontrakoa delako». Are gehiago, datu horiek segurtasun indarren jardunean ere ez dira tresna bereziki erabilgarriak, esan dutenez. Bai, ordea, elikatu egiten ditu «aurreiritziak eta susmo giroa». Jatorria argitaratzeko arrazoia estatistiko hutsa balitz, «hezkuntza maila eta egoera sozioekonomikoa ere argitaratuko lirateke», eta hori ez da egiten, kolektibo zaurgarrien gaineko estigmak eragingo lituzkeelako.