Urtebeteko negoziazioen ondoren hizkuntza eskakizunei buruzko eztabaida iaz baino «polarizatuago» dagoela uste du PSE-EEk. Jarrerak «oso urrun» daudela adierazi du Pau Blasi legebiltzarkideak, eta, mahai gainean dauden bi proposamenek aurrera egiteko dituzten zailtasunak ikusita, Enplegu Publikoaren Legearen erreforma «geratzeko» eskatu die EAJri eta EH Bilduri. Gaiaren inguruko hausnarketa bat eskatu die talde abertzaleei, eta eztabaida hori «inora ote doan» aztertzeko.
Ikusi gehiago
Gaur eguerdira arte zuten taldeek zuzenketak aurkezteko aukera, eta jeltzaleekin akordioa erdiestea ezinezkoa izan bazaie ere, sozialistek adierazi dute orain zabalduko den «eztabaidaren parte» izan nahi dutela. Bada, zuzenketa bat jarri diote EAJren proposamenari, eta beste bat EH Bildurenari. Berbera jarri diete biei, eta zera proposatu dute: administrazioek euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den zehazten duen «derrigortasun indizea» deiturikoari eustea, baina salbuespen bat onartzea arnasguneetarako, hots, euskararen erabilera %80tik gorakoa den herrietarako.
PSE-EEk iritzi dio tresna hori egokia dela tokian tokiko errealitate soziolinguistikoari erantzuteko eta «gehiegikeriak» saihesteko. Hori dela eta, lege izaera eman nahi diote, testuan zehazki «zer diren eta nola aplikatu behar diren» azalduta. Gaur egun, 19/2024 Dekretuak arautzen du indize hori, baina Enplegu Publikoaren Legean txertatzea nahi dute sozialistek. Blasik azpimarratu du zalantza juridikoak saihesten ez ezik lanpostu publiko baten hizkuntza eskakizunak nola finkatzen diren definitzen ere lagunduko duela horrek.
Proposamen hori «zentzuzkoa» da, haren hitzetan, ez dituelako hausten orain arte euskararen inguruan zeuden kontsentsuak, eta ziurtatu du eztabaidaren jatorrian dauden bi kezkei erantzuten diela: euskara eskakizunei berme juridikoa ematea eta harago joan nahi duten udalerriei «malgutasuna eta tresnak» ematea, betiere «sektore publiko osoa arnasgune bilakatu gabe». «Helburua segurtasun juridikoa bada, hori proposamen honekin lortzen da».
Blasik iritzi dio gaur egun indarrean dagoen formula balekoa dela, akordio zabaletan oinarritzen dela eta emaitza onak eman dituela. Horregatik ulergaitza zaio 2022an onartutako legea orain aldatu nahi izatea. Are gehiago, gogorarazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak oraindik ez duela ebatzi moldatu nahi den legeari buruz EAEko Auzitegi Nagusiak helarazitako kezkaren inguruan, eta, beraz, edozein aldaketak ezerezean geratzeko arriskua duela.
EAJren «eszenifikazioa»
Sozialistentzat benetan ulertzen zaila da EAJren jarrera, zeina bazkide nagusi duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusietan. Blasik esan du jeltzaleek eragin zutela bi bazkideen arteko arrakala, hain zuzen ere Enplegu Publikoaren Legearen erreformarako proposamena beren kabuz aurkeztu zutenean, sozialistekin adostu gabe. Eta salatu du sare sozialetako mezuaren harira azken egunetan sortu den iskanbila «arreta desbideratzeko» erabili duela EAJk.
«Eszenifikaziotzat» jo du jeltzaleen haserrea, eta esan du ez dutela atzera egingo eta ez dutela erretiratuko Aitor Esteban igerileku batera jauzi egiten irudikatzen duen argazkia, adimen artifiziala erabiliz egina. Izan ere, haren hitzetan, jeltzaleen benetako asmoa hizkuntza eskakizunekin gertatu dena ezkutatzea da: «Guk ez genuen ireki kapitulu hau. Gure lehentasunak eta gure interesak dauden tokian daude, eta hor mantentzen dira».
«Ez da serioa»
Akordio bat lortzeko bidean, EAJk atzo aurkeztu zituen bere zuzenketak. EH Bilduri dei egin zion abstentzioaren bidez beren proposamenari bide emateko, eta denbora tarte bat hartzeko zer emaitza ematen duen ikusteko. Koalizio subiranistak, ordea, ezetz erantzun dio. Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, jeltzaleen jokabidea «ez da serioa», eta ez da ulergarria babesa eskatzea inolako negoziazio prozesurik abian jarri eta haien proposamena aurkeztu gabe.
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Aztiriak gogorarazi du EH Bilduk duela hilabete batzuk helarazi ziela bere proposamen zehatza, baina salatu du oraindik ez dutela erantzunik jaso. «Jokabide hori ez da ulergarria eta ez da logikoa», adierazi du. Edonola ere, akordiorako aukera ikusten du koalizio subiranistak, hala EAJrekin, nola PSE-EE eta Sumarrekin. «Haiek ere soluzioaren parte izan behar dute».
PPk 38 zuzenketa
Alderdi Popularraren ustez, Jaurlaritzako bi bazkideen arteko ika-mika «lotsagarria» da, eta salatu du oinarrian alderdi abertzaleen arteko lehia dagoela. Laura Garridok adierazi du EAJ «etsita» dagoela, ez dakielako nola konpondu hizkuntza eskakizunen harira sortu den korapiloa. Eta ziurtatu du jeltzaleen eta sozialisten arteko aliantza hain dela «estua» ezen ezerk ez baitu hautsiko, ezta euskarak ere.
Edonola ere, Alderdi Popularrak 38 zuzenketa aurkeztu dizkie EAJren eta EH Bilduren proposamenei. Eskatu dute, besteak beste, hizkuntza eskakizunak zehazteko orduan tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa ez ezik euskararen «erabilera eta eskaera» ere aintzat hartzeko.