Biak kezka beretik sortutako lege erreformak dira; EH Bilduk eta EAJk, bakoitzak bere aldetik, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreforma proposamenak eginak dituzte, eta horien xedea da murru bat jartzea funtzio publikoko langileei ezarritako euskara eskakizunen kontra ebatzi diren epaiei. Ororen gainetik, ebazpen horien eragina apaldu eta hizkuntza eskakizunak blindatzea nahi dute. Bada, orain proposamen horiek fintzeko egin dituzten zuzenketetan, bakoitza bere erara, eskakizun horiek «geroratzeko» formulen bila ari dira, eskakizunen inguruko araudia babesteko eta are eskakizunetan aurrera ere egiteko.
EH Bilduren proposamenaren muina da hizkuntza eskakizunen gaineko derrigortasuna funtzio publikoko lanpostu guztietara orokortzea; alegia, lanpostu guztietan euskara ere sarbiderako hizkuntza izatea, gaztelaniarekin batera, eta, gero, indize baten bitartez, derrigortasun hori «malgutzeko» bideak irekitzea.
Eta, hain justu ere, hori egiteko moduaren inguruko zehaztapenak findu ditu orain erregistratu dituen zuzenketen bidez EH Bilduk. Definitu egin du indizea: «Progresibotasun indizeak adierazten du entitate bakoitzean eta plangintzaldi bakoitzean derrigorrezko hizkuntza eskakizuna gehienez geroratu daitekeen lanpostuen kopuru osoaren ehunekoa». Zehaztu du tokian-tokian euskarak duen ezagutza kontuan hartuta kalkulatuko dela indize hori, eta konplitzetik salbuetsiko direla euskaldunak eta euskaldun hartzaileak aintzat hartuta egiten den kalkuluaren emaitza %70etik goragokoa duten administrazioak. Zehaztu egin du plan bakoitzean indize hori murrizteko «konpromisoa» ere: «Gutxienez %5, eta gehienez %15».
Egin beharreko urratsa zela azaldu zuen atzo EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak. «Indize hori legean bertan jasotzeak segurtasun juridiko handiagoa emango dio sistemari; hala gomendatu digute hainbat legelarik legearen tramitazioan».
Derrigortasuna atzeratzeko
EAJk mahai gainean jarri duen aldaketa nagusietako bat, horra: lan eskaintza publikoetan «derrigortasun geroratuaren figura» orokortzea proposatu dute. «Zehazki, zuzenketak zera planteatzen du, administrazio publikoek hizkuntza profila duten lanpostuak ezarri ahal izatea, baina profil horren eskakizuna denboran geroratuta». Alegia, euskarazko hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe ere lanpostu publikoetarako sarbidea ematea da horren helburua, baina betiere «epe bat» emanda hori egiaztatzeko. «Administrazioak berak» prestakuntza emateko «konpromisoa» hartu beharko duela ere aipatu dute.
Joseba Diaz Antxustegi eta Markel Olano legebiltzarkideek atzo eman zuten zuzenketen berri. Aintzat hartzeko moduko aldaketa da mahai gainean jarri dutena. Hasieran, erreforma proposatu zutenean, hizkuntza eskakizunen derrigortasun indizea kentzea izan zen jeltzaleen xedea. Orain, proposamena osatu nahi izan dute. Hala ere, eutsi egin diote lehen asmo hari: «Desagertu egingo litzateke derrigortasun indize orokorra, talde jeltzaleak hasieratik proposatu duen bezala, egungo araudiaren elementurik ahulenetakoa baita ikuspegi juridikotik», gogora ekarri dute. Ildo horretan, administrazio bakoitzak «derrigortasun indize propioa» izan beharko duela zehaztu dute testuan. Hori ebazteko, «proportzionaltasun irizpideak» gogoan hartu beharko dira beti: lanpostu bakoitzaren eginkizunak, hizkuntzaren erabilerari lotutako irizpideak, eta ingurunearen errealitate soziolinguistikoa.
EAJren erreforma proposamenean ere egin ditu zuzenketak EH Bilduk. Hainbatetan baztertu ezineko printzipiotzat jo dituen bi irizpide txertatu nahi izan ditu testuan EH Bilduk. Batetik, jaso du «nahitaezkoa» dela bi hizkuntza ofizialak ezagutzea. Bestetik, «progresibotasun indizea» ere txertatu du, euskara eskakizuna zer lanpostutan geroratu daitekeen zehaztuta gera dadin proposamen horretan ere.
Zer akordio
Zuzenketen gainean zer akordio lor daitezkeen ikusi beharko da orain. Hilabeteak egin dituzte PSE-EEk eta EAJk erreformaren inguruan akordioren bat lortzeko ahaleginak egiten, baina antzuak izan dira elkarrizketak, eta bi aldeek aitortu dute «desadostasunek» asko zaildu dutela bidea. EH Bilduk hainbatetan adierazi du hizketarako asmoa, baina orain arte ez die inork horretarako aterik ireki. Joan den astearen bukaeran heldu zen aldaketa: EAJk adierazi zuen EH Bildurekin ere gaiaz hitz egiteko prest dagoela, eta behin zuzenketak aurkeztu eta gero horretarako bidea irekiko dutela.
Aztiriak atzo adierazi zuen orain egin duten proposamenak «akordio inklusibo bat» lortzeko bidea erraz dezakeela. EAJ, PSE-EE eta Sumar: hirurekin hitz egiteko asmoa dutela esan zuen. Jeltzaleen iritziz, ordea, «immobilismotik eta maximalismotik urrun» dagoen proposamena beraiena da, eta akordio baterako atea ireki dezake. Horiek horrela, abstentzioaren bidez beren proposamenaren alde egiteko eskatu dute jeltzaleek, eta denbora tarte bat hartzeko zer emaitza ematen dituen ikusteko.
Hamazazpi zuzenketa aurkeztu ditu guztira Sumarrek. Prentsa ohar baten bidez, azaldu du haien bitartez zer lortu nahi izan duen: besteak beste, euskara eskakizunak «benetako beharretara» egokitzea. «Zuzenketa hauek sistema eraginkorrago eta bidezkoago bat eraikitzea dute helburu: herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, eta, aldi berean, euskara ikastea erraztea eta hizkuntza eskakizunak enplegu publikora sartzeko oztopo bidegabe ez bihurtzea».