Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren inguruan EH Bildurekin hitz egiteko prest daudela berretsi du Markel Olano EAJko legebiltzarkideak. Nolanahi ere, ordezkari jeltzaleak argi utzi du eztabaida horien abiapuntua zein izatea nahi duten: «Askoz errazagoa da guk aurkeztutako proposamenarekin hastea; ez dugu zertan sistema irauli. Ondoren aztertuko du zein den horren emaitza», adierazi du Olanok. Bide horretan, EAJk biltzeko «eskaera formala» egingo dio EH Bilduri, datorren astean.
EAJk eta EH Bilduk eginak dituzte Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko proposamenak, eta biek aurkeztu dituzte zuzenketak. Funtzio publikoko langileei ezarritako euskara eskakizunen kontrako epaiei aurre egitea da bi alderdi horien helburua. Dena dela, jeltzaleek eta subiranistek aurkeztutako proposamenak «ia kontrajarriak» direla aitortu du Olanok, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan: «Edukietan ados jartzea oso zaila ikusten du, epe laburrera behintzat», gehitu du.
Olanoren ustez, EH Bilduren proposamenak «arrisku handia» izan dezake, «gaur egun daukagun sistema eraldatzen duelako, eta epaitegiek zalantzan jartzeko aukera sortuko lukeelako, bai Bilbon, bai Madrilen». Horiek horrela, «besterik ez bada», EAJren proposamena abstentzioarekin babesteko eskatu diete dagoeneko jeltzaleek subiranistei.
Eskaera formala
Legebiltzarkide jeltzaleak aipatu duenez, «orain arte oso zentratuta» egon dira PSE-EErekin izandako elkarrizketetan; aitortu du «oso mingarria» izan dela saiakera horiek kale egin izana. Sozialistekin negoziatu bitartean EH Bildukoekin hitz egiten aritu direla esan du Olanok, baina modu informalean jardun dutela: «Legebiltzarrean, kafe artean». Subiranistek, ordea, ez dute ez baieztatu eta ez ezeztatu Olanok esandakoa, ez baitute adierazpenik egin nahi izan.
«Sozialistekin zer ibilbide egin zitekeen ikusi arte itxaroteko eta, horren arabera, zer mugimendu egin behar zen erabakitzeko» eskatu zien EAJkoak EH Bildukoei. Orain, ordea, bien arteko hartu-emanetan «jauzi bat» emateko asmoa dute jelkideek: Olanok iragarri duenez, datorren astean biltzeko eskaera formala egingo diete subiranistei.
Baina EAJkoak argi utzi die EH Bildukoei zer jarri behar den elkarrizketen abiapuntuan: «Ikus dezagun orain gure proiektuak zer bide izan dezakeen, eta egon gaitezen harremanetan, egindako urrats bakoitza aztertzeko». Nolanahi ere, bien arteko elkarrizketei begira «espektatiba gehiegi ez sortzeko» eskatu du Olanok, «porrota handiagoa izan daitekeelako».