Hauteskundeak

PSN prest agertu da Koldo Martinezen hautagaitza babesteko Iruñean

Ramon Alzorrizek esan du «prest» daudela «eskuineko gobernu bat eragozteko». Martinezek «lau indar aurrerakoien» arteko ituna nahi du

jon olano
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak azaldu du bere alderdia prest egon litekeela Iruñean Koldo Martinez Geroa Baiko alkategaiaren hautagaitza babesteko. Alzorrizen hitzetan, «Nafarroako Gobernua osatzen duten indar progresisten artean boto gehien» duenak izan beharko luke lidergoa, baina erantsi du aztertzeko prest daudela Koldo Martinezen hautagaitza babestea, horrela «eskuineko gobernu bat saihesten» bada.

Nafarroako Gobernuari begira, ostegunean lehen bilera bat egin zuten PSNk, Zurekin Nafarroak eta Geroa Baik. PSNk negoziazio horietatik kanpo utzi du EH Bildu. Bi talde horiekin gobernua osatzeko «borondate tinkoa» duela helarazi zien PSNk, eta «baiezkoa» eman zioten Barkosek eta Alfarok. Hiruren artean 21 parlamentari batzen dituzte: ez, beraz, 26ra iritsi eta gehiengo osoa lortzeko adina.

Horri lotuta, Alzorrizek esan du PSNri dagokiola lidergo hori, baina Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidente eta PSNko lehendakarigaia negoziatzeko prest dagoela eta «beharrezkoa den tokian eskuzabala» izango dela.

Nafarroako Gobernua osatzeko lehen bileran, esate baterako, Nafarroako Parlamentuko lehendakaritza nahi dutela esan dute hala Geroa Baik nola PSNk.

Nahiz eta PSNk 5.390 boto galdu dituen, Alzorrizek dio sozialisten posizioa «sendotu» egin dela gobernuan. «Irakurri dugu eta ulertu dugu herritarrek zer esan duten, eta horregatik esan dugu indar handiagoa eduki nahi dugula gobernuan».

Iruñean, berriz, Alzorrizek errepikatu du ez dutela bozkatuko ez Ibarrolaren alde eta ez Asironen alde. Dioenez, «zabalik» daude beste aukeretarako —Martinezena, kasurako—, baina, EH Bildu bigarren indarra bazterrean utziz, irudikatu du Elma Saizena dela negoziazioen lidergoa: «Elkarrizketak hasi ditu beste indarrekin, eta zabalik gaude udal hori eskuinekoa izan ez dadin».

Martinezen erantzuna

PSNren proposamenaz galdetu diote kazetariek Martinezi, eta hark esan du berak ez duela inoiz esan alkate izateko aurkeztuko denik, «kanpainan izan ezik». «Nik esan dudana da funtsezkoa dela Iruñeko Udalean lau indar aurrerakoiak esertzea guztion arteko akordioa lortzeko». Haren hitzetan, akordio hori lortu beste aukerarik ez du ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.