Iruñea

PSN prest dago Koldo Martinez babesteko Iruñeko alkatetzarako

Ramon Alzorrizek esan du «prest» daudela «eskuinaren gobernu bat eragozteko».

Alzorriz eta Txibite, atzo. JESUS DIGES / EFE
jon olano
2023ko ekainaren 2a
12:44
Entzun

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak azaldu du bere alderdia prest egon litekeela Iruñean Koldo Martinez Geroa Baiko alkategaiaren hautagaitza babesteko. Alzorrizen hitzetan, «Nafarroako Gobernua osatzen duten indar progresisten barruan boto gehien» dituenak eraman beharko luke lidergoa, baina erantsi du aztertzeko prest daudela Koldo Martinezen hautagaitza babestea, horrela «eskuineko gobernu bat eragozten» bada.

Nafarroako Gobernuari begira, ostegunean lehen bilera egin zuten PSNk, Zurekin Nafarroak eta Geroa Baik. PSNk negoziazio horietatik kanpo utzi du EH Bildu. Bi talde horiekin gobernua osatzeko «borondate tinkoa» duela helarazi zien PSNk, eta «baiezkoa» eman zioten Barkosek eta Alfarok. Hiruren artean 21 parlamentari batzen dituzte. 26ra iristeko gehiengo osorik ez dute.

Horri lotuta, Alzorrizek esan du PSNri dagokiola lidergo hori, baina Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidente eta PSNko lehendakarigaia negoziatzeko prest dagoela, eta «beharrezkoa den tokian eskuzabala» izango dela.

Nafarroako Gobernua osatzeko lehen bileran, esate baterako, Nafarroako Parlamentuko lehendakaritza nahi dutela esan dute hala Geroa Baik nola PSNk.

Nahiz eta 5.390 boto galdu dituen PSNk, Alzorrizek dio sozialisten posizioa «sendotu» egin dela gobernu barruan. «Irakurri dugu eta ulertu dugu herritarrek esan dutena, eta horregatik esan dugu indar handiagoa eduki nahi dugula gobernu barruan».

Iruñean, berriz, Alzorrizek errepikatu du ez dutela bozkatuko ez Ibarrolaren alde, ez Asironen alde. Beste aukeren artean (kasurako, Koldo Martinezena) «irekita» daudela dio, baina, bigarren indarra izan den EH Bildu bazterrean utziz, negoziazioen lidergoa Elma Saizena dela irudikatu du: «Elkarrizketak hasi ditu beste indarrekin, eta zabalik gaude udal hori eskuinekoa izan ez dadin».

Martinezen erantzuna

PSNren proposamenaz galdetu diote kazetariek Martinezi, eta hark esan du berak ez duela inoiz esan alkate izateko aurkeztuko denik, «kanpainan izan ezik». «Nik esan dudana da funtsezkoa dela Iruñeko Udalean lau indar aurrerakoiak esertzea guztion arteko akordioa lortzeko». Haren hitzetan, akordio hori lortu beste aukerarik ez du ikusten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.