Remirezen arabera, Nafarroako Gobernuak ez du zerikusirik Sendavivako kontratuekin

Gobernuko eledunak gogorarazi du parkea kudeatzen duen enpresa mistoa dela, eta haren erabakiak administrazio kontseiluari dagozkiola. Parkea berritzeko lanak ikertuko ditu OANAk, eta «lankidetza osoa» eskaini dio gobernuak.

Nafarroako Gobernu kontseiluaren osteko agerraldia: Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilaria, Javier Remirez bozeramailea eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilaria. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako Gobernu kontseiluaren osteko agerraldia: Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilaria, Javier Remirez bozeramailea eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilaria. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2026ko urtarrilaren 21a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urrundu egin nahi izan du Nafarroako Gobernuak. Asteartean jakin zen Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak (OANA) «egiazkotasun zantzuak» ikusi zizkiola UPNk egindako salaketari. Horren aurrean, gaur eguerdian, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko eledunak gogora ekarri du Sendaviva kudeatzen duen enpresa, Parques de Naturaleza de Navarra SA (Parquenasa), mistoa dela, eta gobernua ez dela haren jabe. Hala, Remirezen arabera, Parquenasaren erabakien ardura haren administrazio kontseiluari dagokio.

Bezperan, UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainek azaldu zuen OANAk auzia ikertuko duela. 2022ko ekainaren 18ko sutearen ondotik, parkea berritzeko bost kontratu esleitu zituen Parquenasa enpresak, eta horietako lau Adentro Construimos SM eraikuntza enpresari adjudikatu zion. OANAk susmatzen du lanak zatitu egin zirela lizitazioa prozedura laburtu bidez egin zedin —200.000 eurotik gorako kontratuetan, lehiaketa publiko bat egitera behartzen du legeak; bestela, nahi diren enpresak gonbidatu daitezke lizitaziora—.

Gainera, ustelkeriaren aurkako bulegoak atzeman du arrazoitu gabeko gastuak ordaindu dizkiola Parquenasak Adentrori. Horrez gain, OANAk egiaztatu du Parquenasako gerentea, Ruben Gonzalez, arduratu zela guztiaz. Horrez gain, obra zuzentzeko lanak ere eraikuntza enpresa berari kontratatu zizkion.

Remirezen azalpenak

Horrren guztiaren aurrean, Javier Remirezek gogorarazi du Rebeca Esnaola Kultur kontseilariak otsailaren 13an «dagozkion azalpenak» emango dituela. Haren agintepeko NICDO Nafarroak Kultura, Kirola eta Aisialdia Bultzatzeko Sozietate Publikoa Parquenasaren %45ren jabe da. Remirezen arabera, «gutxiengoan» dago, «gainerako bazkideak pribatuak baitira». Gaineratu duenez, Kultur kontseilariak ez du erabakietan esku hartzen, ez eta gobernuak ere: «Administrazio kontseilu bat du, gerente bat, eta berezko organoak». Hala, erantzukizuna «partekatuta» dagoela iritzi dio.

Remirezen arabera, OANAri ikerketan «lankidetza osoa» eskainiko dio. Parquenasako partaide gisa, gobernuak «adi» erreparatuko dio ikerketaren emaitzari. Gogora ekarri duenez, Nafarroako Gobernuak azken hiru urteetan 8,2 milioi euroren laguntzak eman dizkio Sendavivari, jarduerari eusteko. «Finantzaketa eredu horrek Nafarroako Kontuen Ganberak egindako gomendioei men egin die». Haren esanetan, iaz 190.000 bisitari izan zituen parkeak, eta bisitatzeko «erreferentziazko toki bat da» familientzat. 

«Aurreko legealdian, eskuinak etengabe zioen dena ETA zela, eta orain dio gobernu osoa dela ustela. Ez da egia ez bata, ez bestea»

JAVIER REMIREZ Nafarroako Gobernuko bozeramailea

UPNren jokabidea gaitzetsi du. «Iruditzen zait ez duela egia bilatzen, baizik eta susmoaren hodeia zabaldu nahi duela, oportunismoz eta bere interes alderdikoien arabera jokatuz». Haren esanetan, «estrategia trumpista» du UPNk, eta «gezurren bidez» sumin giroa sortu nahi du Nafarroan. «Aurreko legealdian, eskuinak etengabe zioen dena ETA zela, eta orain dio gobernu osoa dela ustela. Ez da egia ez bata, ez bestea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.