OANA Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak ikertu egingo du UPNk jarritako salaketa. Juan Luis Sanchez de Muniain UPNko parlamentariak gaur arratsaldean jakinarazi duenez, Sendaviva parkeko lanak zatitu egin ziren, adjudikazioa administrazio prozedura laburtu baten bidez egin zedin. OANAk «egiazkotasun zantzuak» ikusi dizkio salaketari. «Baliteke administrazio prozedura batean irregulartasunak egon izana eta ustelkeria kasu bat izatea tartean», adierazi du Sanchez de Muniainek.
OANAren jakinarazpena jaso, eta premiazko prentsaurreko batera deitu du UPNk. Sendaviva parkea Bardeatik gertu dago, Arguedasen (Nafarroa). 2022ko ekainaren 18an piztutako sute baten ondorioz kalte nabarmenak izan ziren parkean, eta, urtebete geroago, 2023ko udazkenean, konponketa lanei ekin zien jabeak, Parquenasa Parque de Naturaleza de Navarra sozietateak. Enpresa horretan %45eko partaidetza du Nafarroako Gobernuak.
200.000 euroren langa
Parkea berritzeko lanak bost kontratutan zatitu zituen Parquenasak, hilabete bateko tartean —2023ko azaroaren 20tik eta abenduaren 20ra bitartean—: etxaldea eta gune ludikoak, plaza, sarbidea, eraikin nagusia, eta parke barruko zerbitzu bideak. Lehen laurak Adentro Construimos sozietate mugatuari adjudikatu zizkion, eta bosgarrena, berriz, Tradeo sozietate mugatuari. Adentroren kontratuak 197.200 eta 198.650 euro artekoak dira, eta Tradeorena, berriz, 156.000 eurokoa. Hau da, kontratu bakar batek ere ez du 200.000 euroren langa gainditzen.
Izan ere, Kontratu Publikoen Foru Legeko 80. artikuluak behartzen du muga hori gainditzen duten lanak lehiaketa publiko bidez adjudikatzera. Kopuru hori baino gutxiagoko kontratuak, berriz, prozedura laburtuen bidez egin daiteke, eta UPNk «susmagarritzat» jo zuen hori. «Prozedura ireki batean, lehiaketa publiko bat egin behar da, eta edozein enpresa aurkez daiteke, lehia askean; prozedura laburtuetan, berriz, kontratatzaileak nahi dituen enpresak gonbidatu ditzake, eta, hortik aurrera, eskaintzak aztertu», azaldu du Sanchez de Muniainek.
UPNri bidalitako ebazpenean, OANAk adierazi du sumatzen duela bost lanen artean «lotura bat» dagoela, eta lanen kontratuak bereizita aurkeztuta bide eman nahi izan zaiola administrazio prozedura laburtu bat egiteari. Are, Sanchez de Muniainek iragarri du beste irregulartasun posible batzuk ere atzeman dituela bulegoak. Batetik, aurrekontuz kanpoko lau gastu ordaindu zaizkio enpresari; orotara, 70.000 eurorenak. Gastu horiek ez dira arrazoitu, eta, ordainketa bakoitza 16.000 euro ingurukoa denez, Adentro eraikuntza enpresa 200.000 euroren langatik gora legoke gastu gehigarria aintzat hartuz gero. «Aurrekontuz kanpoko lan horiek hasierako proiektuan gehitu izan balira, ezingo ziratekeen prozedura laburtu baten bidez egin, eta prozedura irekian egin beharko zituzketen».
Bestetik, UPNren arabera, OANAk zehaztu du Parquenasako gerentea arduratu dela lizitazioaz, eskaintzak aztertzeaz eta adjudikazioaz. Gainera, lanen zuzendaritza enpresa beraren esku utzi zen, eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak bidalitako informazioan ez da zehaztu zer prozedura izan zen horretarako. Sanchez de Muniainen arabera, Rebeca Esnaola Kultura kontseilariari eragiten dio kasuak.
Ostiralean, Iruñeko Instrukzioko 5. Epaitegiko magistratuak tramiterako onartu zuen Vox eskuin muturreko taldearen salaketa bat. UPNk zehaztu du nahiago izan duela Nafarroan kontratazio publikoan arau hausterik izan ote den detektatzeko bidea hartu, eta OANAren aurrean salatu. Behin espedientea irekita, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak norbait izendatuko du instrukzioaz arduratzeko.