ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Repsolen «praktika ekozidak» salatu dituzte Hernanin eta Oiartzunen

Repsolek Gipuzkoa eta Nafarroa artean zentral eoliko bat egin nahi badu ere munduko beste txoko batzuetan «bizitza suntsitzen» ari dela salatu dute.

Repsolen proiektuaren kontrako protesta, gaur, Hernanin. BERRIA
Repsolen proiektuaren kontrako protesta, gaur, Hernanin. BERRIA
inaut matauko rada
2026ko urtarrilaren 29a
18:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urumea ibaia urez hornitzen duten mendietan, Gipuzkoa eta Nafarroa artean, Repsolek Euskal Herriko zentral eoliko handiena egin nahi du: hamabost aerosorgailu eraikiko lituzkete, eta guztira 100 megawatteko potentzia izango lukete. Proiektu horrek herritar askoren haserrea piztu zuen hasieratik, eta gaurkoan protesta egitera atera dira berriro. Hernaniko (Gipuzkoa) Petronorren eta Oiartzungo (Gipuzkoa) Repsolen gasolindegietan egin dute elkarretaratzea. Petronor Repsolen filiala da, eta Repsolen kontseilari ordezkaria Josu Jon Imaz zumarragarra da, EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente izandakoa.

Bada, protesta egin duten herritarrek Repsolen kontraesanak azaleratu dituzte, uste baitute Euskal Herrian proiektu eolikoak bultzatzen dituen arren «praktika ekozida eta kolonialak egiten» jarraitzen duela: «Multinazional horrek urteak daramatza munduan zehar bizitza suntsitzen. Ezagutzen dugun enpresa kutsatzaileenetako bat izateaz gain, Hegoalde Globaleko herrialde zapalduetan txikizioak egiten ditu gaur egun ere, eta bertako herriak eta ingurumen naturalak suntsitzen».

Hain zuzen, Venezuelan urte hasieran gertatutakoa gogorarazi dute: Amerikako Estatu Batuetako armada, Donald Trump presidentearen aginduz, Venezuelako hiriburuan sartu zen Nicolas Maduro presidentea bahitzeko eta hura AEBetan epaitzeko. Hiriburua bonbardatu zuten, eta besteak beste ia ehun pertsona hil zituzten. Operazioa azaltzean, Trumpek garbi utzi zuen eraso azkar eta zehatz hori egiteko motibo handiena Venezuelaren petrolio erreserben gaineko kontrola berreskuratzea zela. Eta handik gutxira Josu Jon Imaz, petrolioaren munduko beste hainbat enpresarirekin batera, Etxe Zurian bildu zen Trumpekin, eta eskerrak eman zizkion Venezuelan egindakoagatik.

Hala salatu dute gaur protesta egin dutenek: «Denok ikusi dugu Josu Jon Imaz, Repsoleko kontseilari ordezkaria, Trumpen mesedetara lanean, eskerrak ematen Venezuelako hiriburua bonbardatu eta bertako presidentea bahitzeagatik hango ondasunak lapurtzen jarraitzeko. Erregai fosilen negozioan sakontzen duen bitartean, multinazional bera da Artikutza, Arano, Goizueta, Hernani, Lesaka, Errenteria eta Oiartzun inguruko mendiak txikituko dituena kapitala metatzen jarraitzeko».

Urumeako proiektua

Berrehun metroko hamabost haize errotako parkea egin nahi du Repsolek Gipuzkoa eta Nafarroa artean, guztira 100 megawatteko potentziaduna. Hernani, Urnieta, Elduain, Berastegi (Gipuzkoa), Goizueta eta Arano (Nafarroa) artean dauden mendietan egin nahi dituzte errotak, eta Oiartzungo azpiestaziora garraiatu sortutako argindar berriztagarria, 21 kilometro baino luzeagoa izango den tentsio handiko linea baten bidez. Tentsio linea horrek 68 dorre izango lituzke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.