Alberto Martinez Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur, Eusko Legebiltzarraren osasun batzordean, EH Bilduk eskatuta. Han jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak behin betiko geldituko duela Osakidetzaren «plataforma logistiko korporatiboaren proiektua». Gotzone Sagardui Osasun sailburu ohiak sustatutako egitasmoa zen biltegi zentral horrena. Iurretan (Bizkaia) egitekoa zen, ETBko egoitza izan zen eraikinean. Sagarduiren asmoa zen zentro horren kudeaketa enpresa pribatuei lizitatzea, hamar urtez, eta aurreikusitako kostua 129 milioi eurokoa zen.
Tirabira handiak sortu zituen Iñigo Urkulluren azken legealdiaren amaieran onartutako egitasmo horrek, eta Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek —ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK— lizitazioaren aurkako helegiteak aurkeztu zituzten. Sindikatuen arabera, biltegi zentralizatua egiteak eta horren kudeaketa enpresa pribatuen esku uzteak arriskuan jar zitzaketen gaur egungo 24 biltegietan lanean ari diren berrehun beharginen lanpostuak. EAEko Auzitegi Nagusiak ez ditu oraindik ebatzi helegite horiek. Asmoa plazaratu zutenetik, protesta ugari egin dituzte zentro horietako langileek egitasmo hori salatzeko.
Ikusi gehiago
Ebazpen horien zain geratu gabe, proiektu hori bertan behera uztea erabaki du Imanol Pradalesen gobernuak, Martinezek gaur azaldu duenez, «zalantza gehiago sortzen duelako ziurtasuna baino». Aurreko gobernuak hartutako erabakiak osasun eragileen artean giroa gaiztotu zuela aitortu du, eta, Sagarduiren taldearen jokamoldeari buruz, zera gehitu du: «Kontrastea egin, egingo zuten agian, baina proiektuak ez zuen adostasunik lortu».
Proiektu hori dagoeneko bazterrean dagoela kontuan hartuta, eredu egoki bat adosteko konpromisoa eskatu die eragile guztiei. «Premisarik gabeko jokaleku batetik abiatzen gara Osakidetzaren material sanitarioaren erosketa, biltegia eta banaketa kudeatzeko eredurik onena definitzen laguntzeko», esan du Martinezek.
Nolanahi ere, plataforma horrek bete beharreko zenbait ezaugarri zehaztu ditu jadanik: «Plataforma birtual erabat digitalizatua, informazioa izango duena ESIetako [erakunde sanitario integratuetako] biltegi fisiko bakoitzaren behar orokor eta puntualei buruz». Horretaz gain, stocka denbora errealean kontrolatzea eta materialik ez egotea saihesteko eskaerak aktibatzen laguntzea dira plataforma horretarako nahi dituzten beste funtzio batzuk. Azken batean, «gure osasun sistema publikora egokitutako 4.0 logistika bat», adierazi du sailburuak.
Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun, Osakidetzak 2.000 hornitzaile inguru ditu, eta zentroen artean banatzen dituzte materialak. Material sanitarioaren erosketaren %35,7 eta material ez-sanitarioaren %17,1 zentralizatuta dago; gainerakoa ESIek erosten dute, 24 biltegiren bidez. Erosketa horien zenbatekoa 500 milioi eurokoa da urtean.
ESK, pozik
Eusko Jaurlaritzaren erabakia jakin ondoren, ESK sindikatuak ohar batean adierazi du «gaur ospatzeko eguna» dela. Biltegietako langileak zoriondu ditu, eta berretsi du borroka dela bidea «pribatizazioak gelditzeko, kalitatezko osasun publikoa eta lan baldintza hobeak» defendatze aldera.
Bestalde, Martinezen agerraldia baino lehenago, biltegia pribatizatzearen aurkako protesta bat egin du LAB sindikatuak, legebiltzarraren egoitzaren aurrean. Protesta horretara batu da EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Ubera.