Salatu dute Bilboko klinika batera abortatzera doazen emakumeei jazartzen ari zaizkiela

Bilboko Euskalduna klinikako sarreran hainbat lagun egoten dira abortatzera doazen andrazkoen aurka protesta egiten, Ezker Anitza-IUk salatu duenez.

Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne begiristain
2025eko urriaren 23a
13:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezker Anitza-IU alderdiak salatu du azken egunetan Bilboko Euskalduna klinikara abortatzera doazen emakumeei jazartzen ari zaizkiela. Alderdiak jakinarazi duenez, klinikarako sarbideetan hainbat lagun izaten dira abortuaren aurka protesta egiten eta hara doazen andrazkoak «beldurtu» nahian. Ez da lehen aldia klinika horren atarian abortatzeko eskubidearen aurkako protestak egiten direna, eta, hori dela eta, Ezker Anitza-IUk instituzioei exijitu die neurriak har ditzatela emakumeek bermatuta eduki dezaten abortatzeko eta leku publiko batean «seinalatuak» ez izateko eskubidea.

Gaur egun, Osakidetzak zentro pribatuekin itundua du borondatezko abortuen arta, eta hara bideratzen ditu abortatu nahi duten emakume gehienak, %95 inguru. Ana Saiz Quintano Ezker Anitza-IUko feminismo arloko arduradunak uste du jazarpen kasu horiek ez liratekeela gertatuko borondatezko abortu guztiak Osakidetzako zentroetan artatuko balira.

Gainera, azpimarratu du abortatzera doazen emakumeen aurka protesta egiteak urratu egiten duela indarrean dagoen legedia. Zehazki, Hego Euskal Herrian 4/2022 lege organikoan jasota dago emakumeek beren eskubidea dutela amatasunari buruz presiorik eta jazarpenik gabe erabakitzeko, eta lege horretan delitutzat jotzen da eskubide horren aurkako ekintza oro. Horregatik, Ezker Anitza-IUk instituzioei galdegin die neurriak har ditzatela abortatzeko eskubidea «beldurrik eta presiorik gabe» gauzatu dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.