Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri du 2026. urtetik aurrera Osakidetza bere osasun zentro eta ospitaleetan hasiko dela borondatezko abortuak egiten. «Modu progresiboan» hasiko da haurdunaldien eteteez arduratzen, lehendakariak jakinarazi duenez. Pradalesek Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du iragarpena, Sumarrek egindako galdera bati erantzunez.
Iaz, guztira 4.210 emakumek eten zuten haurdunaldia beren borondatez Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2023an izandako abortuen kopurua oso antzekoa da: orduan 4.225 izan ziren. Abortatu zuten emakume horietako gehienek —4.028k, kopuru osoaren %95,7k— klinika pribatu batean egin zuten. Izan ere, Osakidetzak zentro pribatuekin itundua du osasun zerbitzu hori, eta hara bideratzen ditu abortatu nahi duten emakume gehienak; gero, Jaurlaritzak bere gain hartzen ditu prozesu horien gastuak. Osakidetzako zentroetan, berriz, osasun arrazoiengatik egiten diren abortuez bakarrik arduratzen dira, fetuak anomaliak dituen kasuetan edo haurdunaldia eta erditzea haurdunarentzat arriskutsuak direnean.
Lehendakariak esplikatu duenez, osasun itunean hartutako konpromisoari helduta hartu du Jaurlaritzak borondatezko abortuak Osakidetzan egiteko erabakia. Hain zuzen ere, lankidetza publiko-pribatuaren atalean jasota dago gaur egun itundutako zerbitzuen ratioa ez gainditzea, bai eta Osakidetzak baliabide propioekin eta bere zentroetan zerbitzu horiek eskaintzearen alde egitea ere.
Horrez gain, lehendakariak gogorarazi du euskal gizarteak beti uste izan duela abortatzeko eskubidea autonomia pertsonala, osasuna, ongizatea, genero berdintasuna eta duintasunaren adierazle dela. «Modu seguruan abortatu ahal izateak justizia soziala, osasun publikoa eta giza eskubideak errespetatzea bermatzen du, eta Euskadiko emakume guztiek daukate gaur egun zerbitzu hori ziurtatuta, berdintasun eta unibertsaltasun baldintzetan eta osasun sistemaren barruan», esan du.