Salatu dute energia trantsiziorako legeak ez duela «neurri zehatzik»

Jauzi Ekosozialak eta LABek uste dute legeak «gizartearen eredu aldaketa» bultzatu behar lukeela

Jauzi Ekosoziala taldeko Alaitz Ajuriagerra, atzo, Eusko Legebiltzarrean hitza hartzean. JOSU CHAVARRI / EUSKO LEGEBILTZARRA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ondutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege proiektua ari da bere bidea egiten Eusko Legebiltzarrean. Ingurumen Batzordean mugimendu ekologistako, sindikalismoko eta energiaren sektoreko eragileak izan ziren atzo, lege proiektuari ekarpenak egiteko. Jauzi Ekosoziala eragile ekologistak, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopolikerketa taldeak eta LAB sindikatuak gaitzetsi zutenez, lege proiektuak ez du bultzatzen «eredu ekonomikoaren, sozialaren eta energetikoaren aldaketa», eta, adierazi dutenez, hori «beharrezkoa» da klima larrialdiari aurre egiteko. Salatu zuten lege proiektuak ez duela «neurri zehatzik» biltzen.

Maiatzean onartu zuen Jaurlaritzak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege proiektua, helburu nagusi batekin: 2050erako klima neutraltasuna lortzea. Helburu horri begirako jarduera planak proposatu ditu, batez ere. Egungo industria eredua deskarbonizatzeari garrantzia ematen dio. Bide horretan, hidrogeno berdea sustatzea planteatu du Jaurlaritzak lege proiektuan. Industriaren lehiakortasuna sustatzea da beste neurrietako bat, eta zerga hobariak proposatzen dituzte «klima aldaketarako egokitzapena errazten» duten enpresentzat. Eragileak Ingurumen Batzordetik igaro ostean, alderdiek lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea irekiko da, eta ondoren helduko da Eusko Legebiltzarrak legea bozkatzeko garaia.

Jauzi Ekosoziala taldeko kide Alaitz Ajuriagerrak atzo nabarmendu zuen legearen xedea —klima neutraltasuna lortzea— «oso-oso orokorra» dela: «Batez ere sektore energetikoa, industria eta garraioa dira isuri gehien sortzen dituzten sektoreak. Ontzat jotzen dugu sektore horiek egokitu beharraren planteamendua, baina ez du norabiderik zehazten horretarako».

Alde horretatik, adierazi zuen «metabolismo soziala txikitzea» dela isuriak murrizteko «biderik zuzenena». Gogorarazi zuen horrek «ekonomiaren berregituraketa sakona» dakarrela: «Eredu sozioekonomikoan aldaketa sakonak planteatzeak hainbat albo kalte ekarriko ditu. Beraz, uste dugu justizia sozialean eta klimatikoan oinarritu behar dela aldaketa hori, eta modu ordenatu eta planifikatuan egin».

«Lege mugatua»

Mugimendu ekologistak ez ezik, sindikalismoak ere izan zuen atzo bere lekua Ingurumen Batzordean. Endika Perezek hartu zuen hitza LAB sindikatuaren izenean, eta nabarmendu zuen «lege mugatua» dela mahai gainean dagoena: «Harrituta eta kezkatuta gaude. Lege honek ez du anbiziorik, neurri betearazlerik eta planifikaziorik. Helburu mugatuak dauzka».

Adierazi zuen «patronalari mesede egiteko bokazioa» duela lege proiektuak: «Etxeko lan gutxi ematen die enpresei». Haren ustez, eredu sozioproduktiboa eraldatzea izan beharko litzateke legearen xedea. «Horretarako, borondate politikoa eta langileon protagonismoa behar dira», azaldu zuen. Gaineratu zuen lege proiektuan ez dela agertzen zein izango den sektore publikoaren esku hartzea energiaren sektorean: «Jabetza eta kontrol publikoa indartu behar dira».

Ekopol taldeko kide Iñaki Barcenak esan zuen legea «berandu» iritsi dela, eta salatu zuen ez duela aurrekontu zehatzik ezartzen neurriak martxan jartzeko. «Legeak gehiegi begiratzen dio etorkizunari, eta gutxiegi orainari. Ez dio erantzuten klima larrialdiari». Hazkunde ekonomiko «jasangarriaren» filosofia duela salatu zuen Barcenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.