Salatu dute Lasa eta Zabala oraindik ez dituztela aitortu biktima gisa

Laster beteko dira 40 urte GALek hil zituenetik. Haien gorpuak aurkitu zituzten tokian oroitu dituzte

Hainbat senidek eta lagunek lore eskaintza batekin oroitu zituzten Lasa eta Zabala atzo, Alacanten. MANUEL LORENZO / EFE.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Duela berrogei urte hil zituenGALek Joxean Lasa Arostegi eta Joxi Zabala Artano. Hain zuzen, Baionan desagerrarazi zituzten, 1983ko urriaren 15eko gauean. Donostian torturatu eta Alacanten (Herrialde Katalanak) hil zituzten, buruan tiro eginda. Bahiketaren urteurrenaren harira, Egiari Zor fundazioak ekitaldi bat antolatu zuen atzo gorpuak aurkitu zituzten tokian: Busoten. Han izan ziren Lasa eta Zabalaren senideak eta lagunak, baita ordezkari politikoak ere. Salatu zuten berrogei urteren ostean oraindik ez dituztela aitortu «terrorismoaren biktima» gisa.

50 pertsona inguru bildu ziren: lore eskaintza batekin oroitu zituzten bi gazte tolosarrak, eta algarrobo bat landatu zuten. Horrez gain, hitza hartu zuten Pili Zabalak Joxi Zabalaren arreba eta Axun Lasak Joxean Lasaren arreba. «Estatuak hurbilketa zintzoa» egiteko eskatu zuen Zabalak, han gertatutakoa aitortzeko eta haren neba eta Lasa «biktimak» direla onartzeko. Azaldu zuenez, algarroboaren bidez «etorkizun baketsu bat» irudikatu nahi izan zuten.

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea (Gipuzkoa) ere han izan zen, eta esan zuen ezin dela ahaztu 1983an gertatutako «ankerkeria» hura. «Hilabeteetako desoseguaren ondoren gorpuak agertu zirenean, parez pare ikusi genuen estatu indarkeriaren gordintasuna». Alkateak «biktima guztien erreparazio integrala» exijitu zuen, eta gogoratu Espainiak oraindik ez dituela biktimatzat onartu Lasa eta Zabala: «Senideek ez dute inolako aitortza ofizialik». Sortuko Haimar Altunak, bestalde, euskal gizarteak bizikidetzaren eta bakearen alde egindako aurrerapausoak nabarmendu zituen, eta gaineratu ahalegin horretan ezker abertzaleak «urrats sendo eta zintzoak» egin dituela «biktima guztien mina aitortzeko».

Era berean, Egiari Zor-ek X sare sozialean salatu zuen gaur-gaurkoz Lasa eta Zabala ez dituztela aitortu «terrorismoaren biktima» gisa. Eta Espainiako Gobernuari dei egin zion «estatu terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketa guztien erantzukizuna» bere gain har dezan eta «eragindako mina» aitor dezan. Fundazioaren arabera, beharrezkoa da Sekretu Ofizialen Legeak babesten duen dokumentazioa argitara ateratzea: «Giza eskubideen kontrako jarduerak sekretupean gordetzea biktimei eskubideak ukatzea eta estatu bortxa legitimatzea da».

Atzokoa ez zen izan Lasa eta Zabala oroitzeko egingo duten jarduera bakarra. Etzi, fundazioak Lasa eta Zabala filmaren proiektatuko du Tolosako hainbat institututan. Ostean, Martxelo Otamendi kazetari eta BERRIAko zuzendari ohiak Axun Lasa eta Pili Zabala senideen arteko solasaldia gidatuko du. Egiari Zor-ek ekitaldiaren «eragin positiboa» azpimarratu du: «Horrelako egitasmoek agerian uzten dute errealitate horren harira babestu egin behar dugula gizarte gisa, etorkizunean berriz horrelakorik gertatu ez dadin». Urriaren 20an egingo dute azken ekitaldia, Tolosako Topic Aretoan, 19:30ean.

12 urte ezer jakin gabe

Bi gazte tolosarrak 1983an hil bazituzten ere, haien arrastoak 1985ean topatu zituzten, Busoten. Are, ez zuten jakin haiek zirela 1995era arte: Paco Etxebarria antropologo forentseak baieztatu zuen orduan. Gorpuak identifikatu eta lau urtera egin zutenGALen aurkako epaiketa, eta 2000ko apirilean eman zuen epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Bost lagun zigortu zituzten legez kanpoko atxilotze eta hilketa delituengatik: Angel Vaquero, Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak, Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibila eta Enrique Rodriguez Galindo komandantea. 67 eta 71 urte arteko zigorrak jarri zizkieten. Alabaina, inork ez zuen zigorra osorik bete: 2005erako, kalera irteteko aukera zuten denek, libre edo hirugarren graduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.