Salburuko harrera sareak aterpeak lortu ditu Gasteizen kalean bizi diren asilo eskatzaileentzat

Herritarren eta herri mugimenduen elkartasunari esker, lo egiteko lekuak erdietsi dituzte berrogei bat migranterentzat. Hala ere, salatu dute erakundeek ez diotela irtenbiderik eskaini nahi urtebete luze daraman afera bati.

Salburuko harrera sarearen agerraldia Gasteizen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Salburuko harrera sarearen agerraldia Gasteizen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko ekainaren 3a
15:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maliko gerratik ihesi, eta, Gasteizen beren asilo eskariak bideratzeko zain dauden bitartean, kalean bizi beste irtenbiderik ez duten dozenaka migranteri abaro ematea lortu du Gasteizko Salburua auzoko harrera sareak. Azken hilabeteetan, auzokideen elkartasunari esker, bizirik irauteko oinarrizko baliabideak lortzeko modua izan dute pertsona horiek, eta, orain, lo egiteko guneak ere izango dituzte. Gaur egun, 40 bat asilo eskatzaile daude Gasteizen kale gorrian, eta, azaldu dutenez, haientzako guztientzako lotarako tokia lortu dute auzokideek.

Kattalin Olarte eta Cristina Riega sareko kideek azaldu dutenez, gune berri horiek martxan jartzea posible izan da Gasteizko kolektibo, erakunde eta herritarren elkartasunari esker. Egindako deiari «berehalako erantzuna» eman zaiola nabarmendu dute, eta elkartasunarekin hunkituta eta eskertuta agertu dira. «Beste behin ere, herri mugimenduak eman du pausoa egoerari aurre egiteko. Gasteizko atea jo dugu, eta berehalakoa izan da erantzuna». 

Gainera, Salburua auzoko Burdinbide auzo elkartearekin lankidetzan, elkartearen egoitza asilo arretan eskumena duten gizarte erakundeen esku jarriko dute asteazken goizetan. Hala, migranteei arreta zuzena emango zaie han bertan. «Uste dugu arreta duina izan behar dela, pertsonak bizi diren lekutik gertu eskaini behar dela eta kalitatezko lekuetan garatu behar dela», nabarmendu dute.

Koordinaziorik eza

Salburuko harrera sareko kideek oso pozgarritzat jo dute asilo eskatzaileen errealitate latza aintzat hartu eta hiri osoaren erantzuna jaso izana. Baina, haien ustez, horrek kontraesan bat uzten du agerian: hiriko herritar eta kolektibo askoren konpromiso soziala eta erakundeetako erantzunik eza. Hala ere, ohartarazi dute elkartasunari esker lortutako baliabideak ez direla arazoaren konponbidea, «adabakia» baizik, eta ez dutela sakoneko arazoa konpontzen.

«Erakunde guztiek ezagutzen dute egoera, guztiei jakinarazi baitiegu zer gertatuko zen, baina inork ez du erantzunik eman»

CRISTINA RIEGASalburuko harrera sarea

Asilo eskatzaileak «bazterturik» daude eta «zaurgarriak» dira. Kontatu dutenez, haien profila, gainera, aldatuz doa etengabe; hau da, aldiro batzuk iristen dira, eta beste batzuek, berriz, alde egiten dute. Horrek guztiak zaildu egiten du haien eguneroko jarraipena egitea. Baina erakunde bakar batek ere ez die irtenbiderik ematen, salatu dutenez. Herri elkartasunari esker martxan jarritako baliabideak erabili behar izateak erakusten du, haien aburuz, erakundeak ez direla gai izan urtebete baino gehiago daraman auziari erantzuteko.

Hala, salatu dute auzia konpontzeko erakundeen koordinaziorik ez dela, eta administrazio bakoitzak beste baten gain uzten duela ardura: «Ping-pong partida batean egongo bagina bezala sentitu gara», kexu azaldu da Riega. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosaren adierazpenak jarri dituzte adibide gisa, hark esan baitzuen arazoaren eskumena Espainiako Gobernuarena dela.

Gogoratu dute duela hilabete batzuk erakundeen arteko koordinazio mahaia sortzea proposatu zutela, egoeraren diagnostikoak egiteko eta erantzun bateratuak adosteko, baina salatu dute ez dutela erantzunik jaso. «Erakunde guztiek ezagutzen dute egoera, guztiei jakinarazi baitiegu zer gertatuko zen, baina inork ez du erantzunik eman».

«Pertsona hauek gure auzoko eta gure hiriko kideak dira, eta elkartasuna antolatzen eta laguntza eskaintzen jarraituko dugu. Baina egoera honen erantzule politikoak seinalatzen ere jarraituko dugu»

KATTALIN OLARTESalburuko harrera sarea

Gogorarazi dutenez, egoeraren inguruko kezka ez dute soilik auzokideek adierazi; Gasteizko Sindikoak ere azken txostenean ohartarazi du pertsona horiek egoera prekaritate egoeran daudela. «Galdera oso sinplea da: Sindikoari ere entzungor egingo diote?», galdetu dute.

Era berean, jakinarazi dute badirela bestelako koordinazio esparru batzuk martxan, baina ez direla haietara gonbidatuak izan. Horregatik, zalantzan jarri dute lan esparru horien eraginkortasuna. «Argi dago egiten ari direnak ez duela funtzionatzen. Benetako koordinaziorik balego, gaur ez genuke esan beharko asilo eskatzaileak oraindik herritarren elkartasunaren menpe daudela lotarako toki bat izateko».

Salburuko harrera sareak berretsi du komunitatearen erantzunak antolatzen eta laguntza eskaintzen jarraituko dutela. Hala ere, erakundeei berriro eskatu diete arduraz jokatzeko eta egoerari aurre egiteko behin betiko irtenbideak bilatzeko. «Pertsona hauek gure auzoko eta gure hiriko kideak dira, eta elkartasuna antolatzen eta laguntza eskaintzen jarraituko dugu. Baina egoera honen erantzule politikoak seinalatzen ere jarraituko dugu. Herri elkartasunak arazoaren ondorioak arindu ditzake, baina ezin ditu erakundeak ordezkatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE