La Sallek «gogoeta prozesu» bat abiatu du Ezkiagaren biktimei eman dien erantzunari buruz

Biktimek egunotan mina eta haserrea plazaratu eta gero, kongregazioa prest dago orain arte hartutako neurriak eta erabakiak «zuzentzeko».

Donostiako La Salle ikastetxea, Loiola auzoan. JON URBE / FOKU
Donostiako La Salle ikastetxea, Loiola auzoan. JON URBE / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko martxoaren 13a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoaren txostenak eta Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktimen lekukotzek izan dute eragina. Adierazpenetan eta gizarteari begirako posizioan behintzat: La Salle kongregazioak jakinarazi du «gogoeta prozesu» bat abiatu duela Donostiako La Salle eskolako biktimei eman dien erantzunari buruz.

Jarrera aldaketa publikoa egun batetik bestera gertatu da. Herenegun arratsaldera arte La Salle kongregazioak bereari eusten baitzion: barkamena eskatu zuela eta jada egin zuela Ezkiagak eragindako kaltearen «onartze publikoa eta kolektiboa».

Zer aldatu da? «Arartekoarekin eta PRIVArekin egin den bideak biktimengan eragin duen desilusioa, atsekabea eta nahigabea ikusita, kongregazioak gogoeta prozesu bat hasi du», azaldu dio BERRIAri Isabel Llaugerrek, La Salle kongregazioaren Harreman Instituzionaletarako arduradunak. Espainiako Eliza katolikoak sexu abusuak jasan dituztenei kalte ordainak emateko sortutako plana da PRIVA, goitik behera Elizak kontrolatua eta haren irizpideetan oinarritua.

Gogoeta horren ondorioz, biktimekin «zubiak berritzeko eta indartzeko» modua bilatzen ari da. Prest dago biktimak «gogobetetzeko» orain arteko hartutako erabakiak edo neurriak «zuzentzeko».

Patxi Ezkiaga Donostiako La Salleko irakasle zenak sexu abusuak egin zizkien eskolako zenbait ikasleri eta bertako ikasle ez zen bakarren bati. Bertako irakasle izan zen 1976tik 2012ra; 2018an hil zen. Marisol Zamorak 2024ko maiatzean publikoki salatu zuen Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola haurra zenean. Zamoraren salaketak eta handik egun gutxira agertu zirenek —26 dira, guztiak emakumeak— oihartzuna izan zuten. Geroztik apenas izan den albisterik. Biktimek iazko urtarrilean Arartekora jo zuten babes eta laguntza eske, erreparazioa lortzeko La Sallerekin bitartekaritza egin zezan.

Biktimen oihartzuna

Ezkiagaren sexu abusuak albiste izan dira berriro aste honetan: alde batetik, EAEko Arartekoak biktimen eta La Salleren artean egindako bitartekaritza prozesu antzuaren txostena argitaratu zuten asteartean, kongregazioarekiko oso kritikoa; bestetik, biktimek beren minaren, haserrearen eta babes eta erreparazio faltaren berri eman zuten herenegun, BERRIAn, besteak beste. Txostenak eta, batez ere, lekukotzek, oihartzun handia izan dute komunikabideetan eta gizartean.

La Sallek gogoeta prozesu bat abiatu du, baina oraindik ez daki biktimekin zer bide egingo duen: «Ezin dut bidea zehaztu, baina gogoeta egiteko prozesuan gaude, bidea bilatzen». Nabarmendu nahi izan du gogoeta hori «zintzoa» dela, eta «sufritu duten haiengan oinarrituta» egin nahi dutela.

Kongregazioak onartzen du Ezkiagak sexu abusuak egin zituela. Gaitzetsi egin ditu Llaugerrek. Harreman Instituzionaletarako arduradunak ziurtatu du «modurik onena» bilatu nahi dutela biktimen nahiak asetzeko: «Jakinda inoiz ezingo ditugula ase gure zaintzapean zeudela halako abusuak jasan zituztenen espektatiba guztiak».

Barkamen eskaera

Ezkiagaren sexu abusuak azaleratu zirenean, eskolak ohar bat zabaldu zuen «hezkuntza komunitatean». Bertan barkamena eskatu zuen. Ez zuen egin, ordea, barkamen eskaera publiko eta biktimekin partekaturik. Orain arte La Sallek babestu du barkamen eskaera hura nahikoa zela. «Une horretan hezkuntza komunitatearekin egin zen, abusuak gertatu ziren eskolan; ezin zuen bestela izan», zuritu du jokabide hori Llaugerrek. «Prozesu honetan beste behar batzuk ikusten badira, aintzat hartu behar dira, gogoeta egin behar da, eta baloratu behar dira».  

Aitortu du, dena den, barkamen eskaera hori ez dela nahikoa biktimentzat, eta barkamena eskatzea bezain garrantzitsua dela eskatzeko modua. Egunotan «arretaz» erreparatu diote La Salleren erabakien inguruan biktimek plazaratu duten ezinegonari. La Salle «formulak birplanteatzeko» prest dago, «biktimei kontsolamendu handiagoa eta aitortza eskaintzeko, erreparatzeko eta osatzeko».

«Formulak birplanteatzeko prest gaude, biktimei kontsolamendu handiagoa eta aitortza eskaintzeko, erreparatzeko eta osatzeko»

ISABEL LLAUGER La Salle kongregazioko Harreman Instituzionaletarako arduraduna

Kongregazioko ordezkariak berretsi du La Sallek adierazi izan duela «gertakariak gaitzesteko eta barkatzeko borondatea»: alde batetik, eragindako kalteagatik eta sufrimenduagatik; bestetik, ez zuelako jakin ikasleen segurtasuna bermatzen eta «jokabide horiek prebenitzen eta antzematen».

Biktimek, hain zuzen, salatu dute eskolako arduradun eta irakasle batzuek «ekosistema bat» sortu eta hauspotu zutela, Ezkiagak sexu abusuak inpunitatez egin ahal izateko.

Haserrearen berri

Kongregazioak esan du biktimen «desilusioak, atsekabeak eta nahigabeak» bultzatu dituela orain gogoeta bat egitera. Egunotako biktimen lekukotzak irakurri, entzun eta ikusi aurretik La Sallek bazuen haien dezepzioaren, minaren eta haserrearen berri. Hala jakinarazi zien Arartekoak, esaterako, La Sallek biktimen bost eskaera zehatzak atzera bota zituenean. Arartekoak La Salleri helarazi zion biktimek «dezepzio handia» sentitu zutela, eta «haserre, minduta eta triste zeudela», La Sallek uko egin ziolako biktimei erreparazio sinboliko, kolektibo eta publiko bat emateari.

Biktimek La Salleri jakinarazi zioten haserre, minduta eta triste zeudela, La Sallek haien eskaerak onartu ez zituelako eta ez zuelako aukerarik eskaini neurriei buruz hitz egiteko edo negoziatzeko. Baita La Sallek ez zuelako arrazoitu ere zergatik bota zituen atzera. Hau erantzun zuen kongregazioak: «Orain ez dugu aukerarik ikusten egiteko», eta «orain oso zaila da neurri horiek gauzatzea».

Biktimek bost eskaera zehatz hauek egin zizkioten: elkarrekin gaitzespen agiri publiko bat hitzartzea, Ezkiagaren sexu abusuak salatzeko; eskolan ekitaldi sinboliko bat egitea, biktimei egindako mina aitortzeko eta publikoki barkamena eskatzeko; kongregazioak egindako barne ikerketa jasotzea; biktima batzuei tratamendu terapeutikoen kostua ordaintzea; eta hala nahi duten biktimak eskolako edo kongregazioko arduradunekin bildu ahal izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA