Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioei Txiki eta Otaegiren fusilamenduari buruzko erakusketa egiteko udal aretoak erabiltzea ukatu die Zarauzko udal gobernuak (EAJ eta PSE-EE), eta erakusketa hori EH Bilduren herriko egoitzan dago ikusgai egunotan. EH Bilduko legebiltzarkide Itziar Muruak Eusko Jaurlaritzari galdetu dio, gaur, udalak hartutako erabaki horrekin bat datorren, eta Maria Jesus San Jose Giza Eskubideen sailburuak erantzun dio: «Udalen autonomia errespetatzen du Jaurlaritzak eta nire sailak, bai Zarauzkoa aretoa ukatzeko, bai eta Azpeitikoa ere erakusketari baiezkoa emateko».
Galderan, Muruak azaldu du Zarauzko Udalak adierazi duela erakusketa horrek «kontakizun partziala» egiten duela, eta ez duela bat egiten Gogora institutuaren egia, justia eta erreparaziorako irizpideekin. «Irakurketa politikoa egiten dela esatea gauza bat da, eta oinarri horiek ez direla betetzen beste bat», esan du koalizioko parlamentariak. Eta jarraitu du: «Irakurketa politikoak egitea guztiz zilegi da, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko tokia izan behar baitute askotariko irakurketek». Erantsi du ez dela egia Txiki eta Otaegiri buruzko erakusketak betetzen ez dituela egia, justizia eta erreparaziorako irizpideak.
Gogoratu du Txiki eta Otaegi biktima gisa aitortu zituela Eusko Jaurlaritzak, 2012an hain zuzen, eta haiek ere «eskubide osoa» dutela egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko. «Aurten, haien fusilamenduen 50. urteurrenean, estreinakoz jasoko dute aitortza euren udaletan», esan du Muruak, eta «ulertezintzat» jo du Zarauzko Udalaren ukoa Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioei.
«Memoria ez bada osoa eta betoak jartzen badira, elkarbizitzaren bidean ez dira urratsak egingo»
ITZIAR MURUA EH Bilduko legebiltzarkidea
Muruak galdetu du udal espazio batean erakusketa bat egin ahal izateko gobernatzen ari den indar politikoekin guztiz bat etorri behar ote den, eta erantzuna ere haren ahotan entzun da: «Ez da zertan udal gobernuaren iritziarekin bat etorri udal espazio bat erabiltzeko, udal eraikinak herritar denonak direlako». Elkarbizitzan aurrera egiteko, «memoriak 360 gradukoa» izan behar duela azaldu du EH Bilduko eledunak. «Memoria ez bada osoa eta betoak jartzen badira, elkarbizitzaren bidean ez dira urratsak egingo. Zoritxarrez, gertaera honek beste min bat gehitu die Txiki eta Otaegiren familiei», bukatu du.
San Jose eta Gaza
San Jose sailburuaren bigarren txandan, Giza Eskubideen sailburua Zarauzko auzitik aldendu da neurri batean. Memoriaren arloan, ikerlanek zentzua hartzen dute, haren arabera, «soilik gure gizartearen geruza guztietara iristeko gai badira». Haren ustez, ihes egin behar da «datu bilketa soil baten tentaziotik».
Eta ikerlan eredugarri bat aipatzen hasita, Monbar hoteleko GALen atentatuan hildako lau biktimen ingurukoa aipatu du, «Gogora-k familiarekin batera prestatu duena, eta familiaren ahotsa islatuko duena»; datorren astelehenean zabalduko dute Donostian. Erakusketa horretan, Giza Eskubideen Sailaren irizpide nagusia betetzen dela erantsi du San Josek: «Biktimak erdigunean jartzea».
Ez du esan Zarauzko erakusketan hala gertatzen ez denik; besterik gabe, Agustin Irazustabarrena, Joxe Maria Etxaniz, Iñaki Asteasuinzarra eta Sabin Etxaide Baionan hil zituzteneko atentatuari buruzko erakusketaz aritu da, GALen atentatu hura izan zenetik 40 urte bete diren honetan. «Biktimak dira hemen protagonistak», errepikatu du, Zarauzko erakusketan ez ote diren zuzenean esan gabe.
«Erakusketen narratibek ahalbidetu behar dute azaltzea indarkeria ez dela zilegi, inoiz ere ez, ez lehen eta ez orain»
MARIA JESUS SAN JOSE Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburua
Edonola ere, ziurtatu du erakusketen narratibek ahalbidetu behar dutela azaltzea «indarkeria ez dela zilegi, inoiz ere ez, ez lehen eta ez orain». Txiki eta Otaegiren erakusketa zuzenean aipatu gabe jarraitu du argudioekin: «Indarkeria baten biktima izateak ezin du justifikatu edo apaldu beste indarkeria bat erabiltzea. Indarkeria guztiak dira eraso onartezina giza eskubideei».
Eta jarraian Gazari buruz hitz egiten hasi da: «Utz iezadazue esaten Gazaren genozidioa justifikatu nahi dutenek jakin behar dutela ez dagoela ezer justifikatuko duenik genozidio hori, ezta urriaren 7ko Hamasen erasoa ere». Eta bukatzeko, errepikatu du Zarauzko Udalaren autonomia errespetatzen duela; hau da, udalak Txiki eta Otaegiren erakusketarentzat espazio bat ukatzeko hartu duen erabakiarekin bat datorren edo ez esan gabe, San Josek garbi utzi du ez duela jarrera horretan zuzentzeko ezer ikusten.