Sanchezek iragarri du ikur frankisten zerrenda bat aurkeztuko dutela azaroan

Espainiako presidenteak EH Bilduri erantzunez eman du erabakiaren berri. Galdera egiteaz gain, Aizpuruak eskatu dio neurriak har ditzala «frankismoak eta espainiar faxismoak dituen inpunitate espazioak amaitzeko».

Pedro Sanchez, gaur goizean, Espainiako Kongresuan. EFE
Pedro Sanchez, gaur goizean, Espainiako Kongresuan. EFE
Iosu Alberdi.
2025eko urriaren 22a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek iragarri du azaroa amaitu baino lehen argitara aterako dutela «elementu eta sinbolo frankista guztien» katalogo bat, «behingoz gure kaleetatik kendu daitezen». EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruaren galdera bati erantzunez eman du horren berri. Zehazki, koalizio subiranistako ordezkariak galdetu dio gobernuak zer neurri hartuko dituen «faxismoaren gorespena» amaitzeko.

Espainiako Kongresuko kontrol saioan egin dio galdera Aizpuruak Sanchezi, PPko eta Voxeko ordezkariak oihuka eta kexaka ari zirela. EH Bilduko eledunak salatu du «erakunde faxista, frankista, ultra edo, zuzenean, naziak inpunitate osoz» aritzen direla Espainiako Estatuan, ez baitzaie zigorrik ezartzen. Besteak beste, gogora ekarri ditu urriaren 12an Gasteizen gertatutakoak, eta, horren harira, kritikatu egin du Falange Espainola legezko alderdi bat izatea eta hartako kideak «nahieran» aritzea.

Horiek kontuan izanda, neurriak hartzea exijitu dio Aizpuruak Sanchezi, eta Memoria Demokratikoaren Legea aplikatzeko eta mezu arrazisten, matxisten eta faxisten kontra egiteko: «Bestela, denok garesti ordainduko dugu laxo jokatze hori».

Aurrera begira, bi egun aipatu ditu EH Bilduko kideak. Lehenik, azaroaren 20a ekarri du hizpidera, Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrena, eta egun horretan frankismoari gorazarre egingo zaion kezka adierazi. Bigarrenik, azaroaren 22ari egin dio erreferentzia. Koalizio subiranistak manifestazio bat egingo du egun horretan, Euskal Herria, askatasun haizea lelopean. «Eskuin muturrari eta faxismoari alor guztietan aurre egin behar zaie, eta euskal herritarrek kalean egingo dugu hori hilaren 22an, eta argi eta garbi esan faxismoak ez duela lekurik Euskal Herrian», esan du, eta «konpromiso antifaxista» bera eskatu dio Espainiako Gobernuari ere, eskuin muturra agintera ez iristeko eta «frankismoak eta espainiar faxismoak dituen inpunitate espazioak amaitzeko».

Horri erantzunez eman du Sanchezek gobernuaren erabakiaren berri; hain zuzen, esan du azaroa amaitu aurretik sinbolo frankisten zerrenda argitaratuko dela Espainiako Aldizkari Ofizialean. «Memoria demokratikoa plurala izan daiteke, baina tolerantzia eta demokrazia printzipioak errespetatu behar ditu», esan du.

Halere, Espainiako gobernuburuak gaineratu du egungo gobernuak aurrez ere hartu dituela zenbait erabaki arlo horretan. Bereziki nabarmendu ditu, besteak beste, Francoren heriotzaren urteurrenaren harira aurten prestatutako ekinaldiak, Memoria Demokratikoaren Legea bera —«ausarta» dela iritzita—, eta Elkartzeko Eskubidearen Lege Organikoaren erreforma. Azken hori Francisco Franco fundazioa ixteko helburuarekin moldatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.