Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Alberto Catalan. Kongresurako UPNren zerrendaburua

«Sanchismoa amaitu behar dela badiogu, ez dugu hura babestuko»

UPNk eta PPk ekainaren hasieran koalizioan aurkezteko aukera aztertu zuten, baina, Catalanen arabera, «PPk ez du nahi izan». Nafarroako eskuinean Sanchezen aurka egiteko «berme bakarra» direla azaldu du.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Senatutik Kongresura pasatuko da, oker handirik ezean, Alberto Catalan UPNko hautagaia (Corella, Nafarroa, 1962). Beste asko bezala, ustekabean harrapatu zuen Pedro Sanchezen hauteskunde aurrerapenak. «Data negargarria da, Sanchezen interes pertsonalei erantzuten die, eta ez herrialdearen interes orokorrei».

Intentsitate handiko kanpaina bat atzean utzi, eta beste batean murgiltzear zaudete. Zuek zer nabari duzue ingurunean?

Gure sektore ideologikoan jendea nazkatuta dago sanchismoarekin. Espainiako Gobernua aldatzeko gogo handia dago. Bestalde, Nafarroako interesak defenditu nahi dituzte, eta uste dugu formularik hoberena dela ahots propioa izatea, UPNren bitartez.

Sanchismoa aipatu duzu; zer ordezkatzen du? Ez al da arerio politikoarekiko iraingarria?

Politika egiteko modua adierazten du. Senatuan izan dudan esperientziaren arabera, inposizioa eta sektarismoa izan da nagusi. Tristea da egiaztatzea iruzurra, gezurra, manipulazioa nagusitzen direla. Adibidez, elkarrizketa batean hamaika bider esan zuenez zuela itunik egingo Bildurekin. Eta gero egin du. Gainera, gobernua osatzeko orduan ere, esan zuen ezingo zuela lorik egin Podemosekoak gobernuan baleude.

Zergatik ez da posible izan PPrekin elkarrekin joatea?

PPk ez duelako nahi izan. Ez da zerbait berria. PPk estrategia bat zuen udal eta foru hauteskundeen aurretik, eta ondoren ere horri eutsi dio. Borondaterik ez badago akordioak lortzeko ezinezkoa da ados jartzea.

31 orduko saiakera bat egin zenuten UPNk eta PPk ekainaren hasieran. Benetako saioa izan da ala batak besteari errua bota nahi izan diozue?

Haiek esana zuten edo dena edo ezer ez nahi zutela. Guk, aldiz, proposatu genien aurretik genuen azken akordioa: Mariano Rajoyk eta Pablo Casadok2015ean eta 2019an sinatutakoa. Kronologikoki gertaerak ikusita, uste dut PP saiatu zela azken unean bere irudia garbitzen, baina errealitatea bestelakoa da.

Aurreratu duzue Nuñez Feijooren hautagaitza posible babestuko duzuela. Zergatik?

Onerako eta txarrerako, alderdi koherentea gara. Sinesgarritasuna politikan funtsezkoa da. Sanchismoarekin Nafarroako Foru Erkidegoari ez zaio batere ondo joan. Demokratikoki aldatu egin behar da Espainiako Gobernua. Bi aukeren artean, Nafarroako interesentzat onuragarriagoa da Nuñez Feijooren hautagaitza. Dena den, bozetan ez da zuzenean bozkatuko edo Sanchez edo Nuñez Feijoo. Bost diputatu eta lau senatari aukeratuko dira, eta haiek aukeratuko dute gobernuburua.

Zer baldintzatan babestuko zenukete Feijoo?

Inbestidurarako izango litzateke. Exijenteak izango gara PPrekin, gobernura iristen bada. Batik bat Nafarroarentzat interesekoak diren gaiak aurrera ateratzeko.

PPren eta Vox-en arteko gobernu akordio baten aurrean zein izango da zuen jarrera?

Gure babesa inbestidurari begirakoa izango da. Feijook lor ditzakeen beste akordioei dagokionez, ikusi beharko da zer eduki hitzartzen duten. Gai honetan ez dugu asko esateko. Guretzat, muturreko jarrerak, ezkerrekoak edo eskuinekoak, ez dira onak.

Baztertzen duzue Sanchez babestea baldin eta UPNren botoen beharrean balego eta jakinda Nafarroan gobernuaren osaera egiteko dagoela oraindik?

Koherenteak izan behar gara. Sanchismoa amaitu behar dela esaten badugu, ezin dugu bestela bozkatu.

Ez duzue hori esaten PPren kritikak saihesteko?

Ez, ez. Koherentziagatik eta Nafarroarentzat hoberena delako.

Zer aldarrikatuko duzue kanpainan?

Beti bezala, gure printzipioak: Nafarroako identitatea, erkidego bereizia dela bere foru erregimenarekin, instituzio propioekin, Espainiako nazioaren barruan eta bere herriekiko elkartasunez. Jarraituko dugu galdegiten Konstituzioko laugarren xedapena kentzea. Defendituko ditugu gure lurraldearen interesekoak diren azpiegiturak: hala nola Nafarroako Ubidearen bigarren fasea, AHTa, Madrilerako autobidea... Ideologikoki guretzat garrantzitsua da hezkuntzan askatasuna defenditzea, edo arlo sozialean, suizidioari aurrea hartzeko plan nazional baten beharra eta ezgaitasuna duten pertsonen integrazio osorako neurriak.

Zergatik da Damoklesen ezpata laugarren xedapen iragankorra,baldin eta erabakia nafarren eskuetan badago?

Ezdu zentzurik. Beste lurralde batekin bat egiteko aukera duen Espainiako autonomia bakarra gara. Gure ikuspegitik, zentzugabea izan zen bere garaian, eta oraindik ere hala da gaur egun. Garaiz kanpokoa da.

AHTa zergatik da hain funtsezkoa? AHTa noiz amaituko den dioten politikarien promesez beteta dago hemeroteka, baina ehunka milioi euro inbertitu ostean, gaur-gaurkoz ez du ziurtatua ezta Europarekiko lotura ere.

Guretzat, komunikazio azpiegitura azkar eta seguruak funtsezkoak dira lurralde baten garapenerako. Ikusten ari gara hori Espainiako hainbat lurraldetan edo EAEn. Komunikazio azpiegitura hori ez duena porrot egitera kondenatuta dago, eta ez dugu hori nahi Nafarroarentzat. Horregatik egiten dugu apustu AHTaren edo, iraganean gobernuan geundenean, beste hainbat autobideren alde. Ez izan horren zalantzarik.

Feijook iragarri du legealdi honetan onartutako hainbat lege indargabetuko dituela.

Gure ikuspegitik, sektarismoz eta inposizioz jokatu dute, eta ez dute gehiengo zabalik lortu nahi izan. Memoria demokratikoaren legeari osoko zuzenketa aurkeztu genion, zergatik? Ezin delako hitz egin memoria demokratikoaz, baldin eta ez baduzu aintzat hartzen zer gertatu den ETA erakunde terroristarekin. Ezin da zalantzan jarri trantsizioa, eta hori hitzartu dute Bildurekin. Etxebizitza Legeari ere jarri genion osoko zuzenketa. Lehenik eta behin, ez delako neurririk hartzen etxebizitzen okupazioaren aurka eta, ondorioz, ez delako aitortzen etxebizitzen jabegoa, eta gure lurraldearen eskumenak urratzen dituelako. Trans legea, berriz, uste dugu EBko beste hainbat herrialdetan egiten denaren kontrako bidean doala adingabeei hormona tratamendua ematearen edo esku hartze kirurgikoen inguruan. Uste dugu indargabetu edo nabarmen aldatu beharko litzatekeela.

Nafarroan gobernua osatzeko dago oraindik.

Egiten ari diren guztia antzezpen bat da. Ondorioz, akordioa ez badago sinatuta, bai dago planteatuta. Uztailaren 24an, sanchismoak ez badu sekulako danbatekoa izaten, Nafarroan berriro gobernu bera arituko da, Txibiteren lehendakaritzapean eta Bilduren abstentzioarekin.

Espainian aldaketa badago, horrek baldintzatu dezake?

Porrot handia izanez gero, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500