Santos Cerdanek elkarrizketa eman dio La Vanguardia egunkariari, haren abokatuak jasotako galdetegi bat erantzunez, espetxetik. PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak ziurtatu du errugabea dela: «Ez dut UCOk esaten duen ezer egin». Koldo auzian oinarrizko rola jokatu duelako akusazioari aurre egin beharrean da Cerdan, eta horretan aritu da elkarrizketan. Milagroko (Nafarroa) politikariak esan du ez dela bera kaleratu dituzten zenbait grabaziotan azaltzen dena. Koldo Garcia PSOEko aholkulariarekin eta Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiarekin hizketan aditzen da Cerdan, ustez, grabazio horietan, zenbait herri lanen adjudikazioari buruz.
PSOEko bigarren agintari ohiaren arabera, «oso arraroa eta susmagarria da» Garciak grabazio horiek egin izana, eta gogora ekarri du Abalosen txofer ohiak esan berri duela ez duela inoiz ere ezer grabatu. Hori dela eta, Cerdanek exijitu du jakitea, hitzez hitz, «nork eta nola» sortu dituen grabazio horiek.
«Txosten bat egin dute gauzak bortxatuz, ondorio jakin batzuk ateratzeko, eta horiek ez datoz bat errealitatearekin», salatu du Cerdanek. Erantsi du PSOEri egin dion kaltea dela eta, minduta dagoela, baina are minduagoa dagoela alderdiak berari egin ei dion kaltegatik: «Ez banintz izan PSOEko Antolakuntza idazkaria, ez nintzateke egongo egoera honetan».
Alonsoren abokatu aldadaketa
PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako presidente Pedro Sanchezi buruz ere aritu da. Cerdanen aurkako UCOren txostenari egiazkotasuna eman zion Sanchezek, eta kargu guztiak uzteko eskatu zion. Ez zuen espero hori Cerdanek: «Pedrok ezagutzen nauen moduan, uste nuen argi izango zuela». Edonola ere, baztertu egin du PSOEren legez kanpoko finantzaketa bat dagoela Koldo auziaren atzean. «Dena argitzen bada, nik lasai bizi nahi dut nire familiarekin, atzean utzi hau dena, eta ez itzuli inoiz gehiago politikara».
Bestalde, gaur jakin da Antxon Alonso enpresariaren abokatuek uko egin diotela bere berezoaren defentsari. Martin Zudaire, Myriam Aierra eta Blanca Sardinak jakinarazi diote Leopoldo Puente epaileari Servinabar enpresaren jabea ez dela dagoeneko haien bezero. Oraindik ez da ezaguna zein izango den aurrerantzean Alonsoren defentsaren arduraduna.
Abokatu aldaketa horrek defentsa ildoarekin lotura duen ala ez ikusi beharko da, gainera. Orain arte, Alonso eta Cerdan ildo berean aritu dira, euren arteko elkarrizketen grabazioak auzitan jarrita, eta biek ukatu dute Cerdan Servinavarren ia erdiaren jabe dela, nahiz eta Alonsoren etxean kontratu bat atzeman duen Guardia Zibilak. Kontratu hori ez zutela sekula ofizial egin esan dute biek ala biek.