Sanchez: «Ez ditugu estaliko gure alderdian agertzen diren ustelkeria kasuak»

Espainiako presidenteak nabarmendu du PSOE «alderdi garbi bat» dela. Uztailaren 5ean alderdiaren batzorde federala egin bitartean, lau kideko lantalde baten esku geratuko da PSOEren Antolakuntza Idazkaritza.

Pedro Sanchezen prentsaurrekoa, gaur, PSOEren zuzendaritza batzordearen bilkuraren ostean. JAVIER LIZON/EFE
Pedro Sanchezen prentsaurrekoa, gaur, PSOEren zuzendaritza batzordearen bilkuraren ostean. JAVIER LIZON/EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko ekainaren 16a
17:05
Entzun 00:00:0000:00:00

PSOE Espainiako Alderdi Sozialistaren barne berrikuntza abian da. Ostegunean Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak ustelkeria kasu bat dela-eta dimisioa eman ondotik, gaur batzartu da lehen aldiz alderdiaren zuzendaritza batzordea. Bilkuraren ostean, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta PSOEko idazkari nagusiak argi utzi du ez dituztela estaliko beren alderdian agertzen diren ustelkeria kasuak, eta horretarako neurriak hartuko dituztela. Bilkuran, besteak beste, Antolakuntza Idazkaritza berri bat izendatu dute. Uztailaren 5ean alderdiaren batzorde federala egin artean, lau kideko talde baten esku geratuko da orain arte Cerdan buru izan duen idazkaritza.

Cerdanek dimisioa eman ostean, behin-behinean, alderdiaren antolakuntzaz arduratuko den taldea lau kide hauek osatuko dute: Cristina Narbona PSOEko presidenteak, Montse Minguez Diputatuen Kongresuko PSOEren talde parlamentarioko idazkari nagusiak, Borja Cabezon zuzendaritzako batzordeko gardentasun eta ekintza demokratikoaren arloko idazkariak eta Ana Maria Fuentes alderdiko gerenteak.

Lau horiek trantsizio talde bat osatuko dute; hau da, PSOEren Antolakuntza Idazkaritza haien esku geratu da uztailaren 5ean alderdiaren batzorde federala egin bitartean. Madrilen egingo dute bilkura hori, eta Sanchezek jakinarazi du Antolakuntza idazkariaren kargurako izen berri bat proposatuko duela egun horretarako.

Horiez gainera, Espainiako presidenteak jakinarazi du gaurko bilkuran erabaki dutela kanpo auditoria independente berri bat abian jartzea alderdiaren kontuak ikertzeko. Gainera, esan du ahalik eta azkarren emango dituela «eman beharreko azalpenak» Diputatuen Kongresuan; uztailaren 9an izango da hitzordua.

Sanchezek PSOEren agintea hartu zuenetik, alderdiaren inguruan agertu den ustelkeria kasu bakarra Koldo auzia izan dela adierazi du, eta ziurtatu «lehena eta azkena» izateko lanean jarraituko duela. PSOE «alderdi garbi bat» dela nabarmendu du, eta ez dutela «PP eta Vox bezalakoak» izan nahi. PP agintean zegoenean «ustelkeria sistemikoa» zela esan du, eta PSOEk Espainiako Gobernuan daramatzan azken zazpi urteetan aurrerapausoak eman dituztela ziurtatu du: «Lehen normaltzat hartzen zena orain jazarri eta zigortu egiten da».

Ekainaren 5ean, Cerdan legez kanpoko komisioen ordainketa batzuekin lotzen duen txosten bat aurkeztu zion Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak Leopoldo Puente Espainiako Auzitegi Goreneko epaileari, eta, ostegunean, argitara atera zen txosten horren edukia. Aurrez, Auzitegi Goreneko epailea Koldo auzia dela-eta ikertzen ari zen, besteak beste, Jose Luis Abalos ministro ohi eta Cerdanen aurretik PSOEko Antolakuntza Idazkari izandakoa (2019-2021); baita haren laguntzaile Koldo Garcia ere. Herri lanen adjudikazioei lotuta, bitartekaritza sariak jaso izana leporatzen diete Abalosi eta Garciari, eta UCOren txostenak Cerdani egozten dio sari horiek kudeatzea.

Bilkura sorta

Espainiako Gobernuko alderdi nagusia zipriztindu du ustelkeria kasu horrek, eta orain gobernuari babesa eman zioten alderdiek harengan konfiantza dutela berretsi nahi du Espainiako presidenteak. Horretarako, bilera sorta bat hasiko du bere inbestiduraren alde bozkatu zuten alderdiekin.

Sanchezek jakinarazi duenez, gaur bertan hasiko dira bilerekin. Gobernuko beste alderdiarekin batzartuko da lehenik: Sumarrekin. Arratsalderako jarri du hitzordua Yolanda Diaz Lan ministro eta bigarren presidenteordearekin. Sumarreko bozeramaile Ernest Urtasunek gaur emandako prentsaurreko batean esan du agintaldia «berrezartzeko» baldintzak aurkeztuko dizkiola Diazek Sanchezi. EBB Euzkadi Buru Batzarrak «gardentasuna eta zintzotasuna» eskatu dizkio, eta baieztatu du Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) parte hartuko duela bilera errondan.

Bestalde, Podemosek jada esan du ez dela bilduko Sanchezekin: «Ez dugu parte hartuko alderdi ustel baten zuritzean», adierazi du prentsaurreko batean Pablo Fernandez Podemoseko bozeramaileak. Halere, konfiantza mozio edo zentsura mozio batean inguruan galdetuta, Irene Montero Podemoseko idazkari nagusiak TVE Espainiako telebista kate nazionalean hitzeman du bere alderdiak ez duela «inoiz» babestuko PPk eta Voxek osatutako gobernu bat.

Gaur-gaurkoz, PP ez dago zentsura mozio bat aurkezteko prest. Alderdi Popularreko buru Alberto Nuñez Feijook iragan astean adierazi zuenez, Sanchezi mesede egingo lioke horrek. Kontrara, gaur emandako prentsaurreko batean, Voxeko idazkari nagusi Santiago Abascalek alderdi ultraeskuindarraren 33 diputatuak eskaini ditu «edonork» aurkeztutako zentsura mozio bat babesteko. Sanchezek erronka bota die biei: «Hain ziur badaude gobernuari gobernatzeko zilegitasuna ematen dion gehiengo parlamentarioa galdu duela, aurkez dezatela zentsura mozio bat».

cerdanek psoeko militantzia utzi du, eta diputatu akta entregatu

PSOEko militantzia uzteko eskaria egin du gaur Santos Cerdanek. Horrez gain, PSOEko Antolakuntza idazkari izandakoak Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatu akta utzi du. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak berretsi du aurrez Espainiako hedabideek aurreratu duten berria.

 Koldo auzian inplikatutako kideekiko harremana hautsi nahi du PSOEk. Izan ere, Cerdanek militantzia uztea erabaki duen egunean bertan, Jose Luis Abalos ministro ohia alderditik kanporatzea erabaki du PSOEko zuzendaritza nagusiak. Duela ia urte eta erdi ireki zuen PSOEk Abalosen aurkako zigor espedientea, eta, Sanchezek jakinarazi duenez, gaurko bilkuran erabaki dute ministro ohia ofizialki alderditik kanporatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.