Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak Iruñeko (Nafarroa) Servinabar enpresan partaidetza duela «erabat» ukatu du Antxon Alonso haren administratzaile bakarrak, gaur arratsaldean plazaratutako ohar baten bitartez. «Ez dago Cerdan jaunak enpresako partizipazioak erosi dituela froga dezakeen eskriturarik», gaineratu duenez. Alonsok aitortu du Santos Cerdanen adiskidea dela, baina haien arteko harremana «norberaren jarduera profesionaletik kanpo» dagoela adierazi du.
Nafarroako enpresa hura obra publikoaren sektorean aritu da 2015ean sortu zenetik. Espainiako Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak egindako txostenean oinarritutako «zehaztugabeko albisteak» gezurtatzeko atera du oharra Alonsok. UCOren idatziak Cerdan, Jose Luis Abalos eta Koldo Garcia PSOEko kide ohiak nahastuta dauden ustelkeria kasuarekin lotuko luke Servinabar. Zehazki, atzo zabaldu zen Cerdan enpresa horren akzioen %45en jabe zela.
«Ez dago Cerdan jaunak enpresako partizipazioak erosi dituela froga dezakeen eskriturarik»
ANTXON ALONSOServinabar enpresako administratzaile bakarra
Enpresari «inolako delituzko ekintza zehatzik ez» zaiola leporatu esan du Alonsok: «Hain zuzen ere, deliturik egin ez dugulako». Enpresaren urteko kontuak «publikoak eta gardenak» direla gaineratu du jabeak.
Halaber, «urte hauetan guztietan kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudia erabat errespetatuz jardun duela» esan du, «inolako mesede traturik jaso gabe eta legez kanpoko jarduerarik egin gabe».
Belateko tunelak
Belateko tuneletan egindako lanei dagokienez, UCOren txostenak ez luke zalantzan jarriko obren adjudikazioa, Alonso Servinabar enpresako jabearen arabera. Gaineratu duenez, «Nafarroako Kontuen Ganberak ondorioztatu zuen prozesua legera egokitu zela, eta baztertu egin zuen Servinabarrek edo haren administratzaileak legez kontra jokatu zutela».
Azkenik, Alonsok komunikabideei dei egin die «argitaratzen dituzten informazioak behar bezala kontrastatzeko»: «Hala ez bada, informazio faltsua eta kalumniazkoa ematen jarraitzen bada, dagozkion legezko neurriak hartu beharko ditugu».