PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanek ukatu egin du haren parte hartzea Leire auzian. Espainiako Auzitegi Nazionala ikertzen ari da talde bat saiatu ote den Espainiako Justiziaren jarduna galarazten PSOErekin lotura duten zenbait auzitan. Cerdanek ziurtatu du Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak eta auzitegiek helburu bat dutela: «Herritar jakin batzuen prestigioa, izen ona eta ohorea suntsitzea, estatuaren sektore batzuek arazotzat jotzen dituztelako».
Santiago Pedraz Leire auziaren ikerketa abiarazi duen epaileari buruz ere aritu da Cerdan. «Haren helburua ez da delituak ikertzea», esan du, «pertsonak suntsitzea baizik». Epaileak, PSOEren aurkako ikerketak oztopatzeari lotutako auzian, «rol nagusi bat» jokatzea egotzi dio Cerdani, baina hark esan du «kanpaina baten jomuga» dagoela «berriro». Gogorarazi du duela urtebete, Cerdan auzia hasi zenean, «hedabideen kanpaina bat» egon zela haren aurka. Zehazki, PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak esan du «gutxienez bost milioi euro» jasotzea egotzi ziotela, eta UCOk oraindik ez duela baieztapen hori agiriekin frogatu.
Ikusi gehiago
Ikerketak oztopatu
Edonola ere, PSOEko hirugarren agintari gorena izan zenak ziurtatu du ez duela harremanik, «eta are gutxiago nagusitasunezkoa», Hirurok taldearekin. Pedraz epaileak dio talde hori osatzen dutela SEPIko presidente ohi Vicente Fernandezek, Servinar enpresako nagusi Antxon Alonsok eta Leire Diezek.
Izan ere, Espainiako auzitegiek Leire auzia abiatu zuten Hirurok talde horrek kontratu publikoetan egindako ustezko irregulartasunak ikertzeko, baina, ondotik, beste auzi bat eratorri da, eta, horretan, PSOEren aurkako auziak oztopatzeko saio bat ikertzen ari dira. «Auzibideak desegonkortzeko» helburua izan omen duen talde baten jarduera ikertzen ari da orain Pedraz epailea.